ELKARRIZKETAK
Ernesto
Prat Urzainki
Ernesto Prat Urzainki
​
Ernesto Prat Urzainki idazle baztandarrak bere hirugarren nobela plazaratu du Elkar argitaletxearekin: Telleria eta gero, zer?
​
Titulua ezaguna egiten zaigu, zer kontatu nahi izan duzu nobelan?
Nobelaren trama Baztanen inposatu nahi duten proiektu turistiko-urbanistiko baten inguruan garatzen da eta paralelismo handia dago kontakizun guzian zehar Aroztegiako proiektuarekin. Izenburuak, paralelismoa egiteaz gain, irakurleari interpelatzen dio, irakurketan lotu dadin.
​
Zure nobela Baztanen gertatzen da, nolako Baztan agertu nahi izan duzu?
Bai, Baztanen gertatzen da nobelaren trama, baina herritarren Baztanen. Ez sobera maiz literaturak agertu duen Baztan bukolikoan, Baztan ilun eta misteriotsuan, Baztan mitifikatuan. Herritarren Baztan ageri da liburuan, Mikel Laboak berak poteoan egiten eta ezagutzen zuena.
​
Irakurleak, beraz, nobelan aurkituko duen Baztan ez da postal turistiko bat, baizik eta toki normal bat, edo “anormala”, Euskal Herriko edota munduko bertze tokiak normalak edo ez-normalak diren bezala, bere indar-guneekin eta bere miseriekin. Tarteka-marteka euria egiten duen tokia (hondar hilabeteetan gutiegi egia errateko), bai eta eguzkia ateratzen den tokia ere.
Leku normala, erran bezala. Jende normala bizi da Baztanen, xumea, baita jauntxo eta handi-mandiak ere. Euskaldunak bizi dira Baztanen, euskaltzaleak, baita euskara desagerrarazi nahi dutenak ere. Natura errespetatzen dutenak bizi dira Baztanen, baita zaborra errekara botatzen dutenak ere, edota zementuz estali nahi dutenak ere. Emakumeak errespetatzen dituztenak bizi dira Baztanen, baita emakumeak baztertzen dituztenak ere. Baztanen etxegabetzeak ematen dira ere, hondarra duela aste pare bat hain zuzen ere. Edozein egunetan ehunka turista egonen dira Txokotoko zubi liluragarrian argazkiak ateratzen, ohartu gabe jendea bizi dela azpian, zubipean, leku guzietan bezala.
​
Gustatu ala ez, Baztan hori erreala da.
Aldi berean, ohartarazi nahi dut nire iritziz ez dela batere Baztan iluna agertzen nobelan, literaturari gustatzen omen zaion gisan. Egun argitsu dezente dago kontakizunean. Hori bai, nobela beltza da. Eta ez poliziakoa. Izan ere, niretako beltza eta poliziakoa ez dira sinonimoak.
Musika ausarki ageri da zure nobelan…
​
Telleria eta gero, zer? nobelan musikak presentzia handia dauka. Musika erabili dut lekuak deskribatzeko, izan ere, ostatu batean dagoen musikak, errate baterako, ostatu mota deskribatzen du usu.
Pertsonekin, edo pertsonaiekin, berdin. Erran iezadazu ze musika aditzen duzun eta nor zaren erranen dizut.
Telleria eta gero, zer? nobelari azpitituluren bat paratu beharko baino kanta bat aukeratuz, Mikel Laboaren Baztan aukeratuko nukeen: Telleria eta gero, zer?, Baztango lurrean Baztan baitan.
Kanta, nobela eta olerki aunitzetan ageri da Baztan. Nik, Baztan bat irudikatzeko, Ufestuek musika taldearen kanta bat aukeratu nuke, Zementuzko Baztan.
Nobela beltza idatzi duzu. Hori hautu kontzientea izan da?
​
Bai, beltza da eta ez poliziakoa. Euskal Nobela Beltzaren Asteetan ere ikasi nuen beltza eta poliziakoa ez direla beti sinonimoak. Nik argi neukan nire hautua, nirea beltza izanen zen. Poliziak bertsio ofiziala defendatuko zuen, egiaren gainetik. Eta protagonistak egia bilatuko zuen, poliziaren gainetik.
Nobelaren lanketa estuki lotua joan da (H)ilbeltzarekin eta Euskal Nobela Beltzaren Astearekin. Lurra pertsonaia, errate baterako, lehen (H)ilbeltzan Itxaro Bordak eman zuen solasaldiaren ondotik sortu nuen, non nobela beltzak maskulinoegiak zirela aztertu zen.
Ordura artio mutil gazte bat zen protagonista. Hura akatu eta liburuaren ateak ireki nizkion Lurra neska gazteari.
Bertzerik?
​
Erran behar dut argitaratzeko prozesua zinez interesgarria izan dela. Bai zirriborroa lantzean, tramaren hariak lotzen eta hesten, bai eta hondar orrazketetan egindako garbiketan ere. Pasarteak moldatzeko edo kentzeko ariketak mingarriak bezain aberasgarriak suertatu zaizkit. Nobela beltzaren irakurlea arras konspiratzailea dela ohartu naiz, ez zaiola debaldeko informaziorik eman behar.
​
aitzinekoak...
Martin eta Xabier
​
​
​