GENEROAZ
Pasa dira hamarkada batzuk iparraldetik etorritako eleberri beltzak gure apalategiak lehenengoz gogor astindu zituenetik. Haize purrustada bat, moda iragankor bat baino izan ez zitekeena ondo finkatu zen ordea, eta urtetik urtera iristen zaizkigun idazle eskandinaviarren lanei esker, gero eta luzeagoa da beltzaren itzala gurean. Eta iparraldeko nobela beltzak inoiz aitarik izan badu, hori Henning Mankell (1948-2015) suediarra izan da.
​
Mankellek haurrentzako idatziriko hainbat liburu euskaratuta dauden arren, Aurpegirik gabeko hiltzaileak (Erein, 2009) da oraingoz euskaraz irakur dezakegun bere polizia-eleberri bakarra, hamaika liburuko saila irekitzen lehena. Bertan, Kurt Wallander inspektoreak adineko baserritar bikote baten hilketa bortitza argitu beharko du, emakumeak hil aurretik esandako “kanpotarra” hitz soiletik abiatuta.
​
Idazle suediarrak ederki asmatzen du beltzaren gris tonuak agerian jartzen, ezin errealistagoa den protagonistaren bitartez. Izan ere, Kurt Wallander polizia-inspektorea urruti dago heroi izatetik: emaztearengandik banandu berria da, bere alabarekin ez du ia harremanik, aita zahartzaroko dementziak jota dago, baldar samarra da… Eta, kaosaren erdian, alkoholean aurkitzen du maiz babesa.
​
Lehenengoz argitaratu zenetik ia hogei urte iragan diren arren, puri-purian dirauten gaiak jorratzen ditu Mankellek eleberri honetan: arrazakeriaren gorakada Suedian eta Europan, errefuxiatuen egoera tamalgarria zenbait zentrotan, atzerritarren lan-baldintza prekarioak, adinekoen zaintza… Baita hainbatetan idealizatu ditugun iparraldeko gizarteen atzean sarri ezkutatzen den bakardade izugarria ere: paisaia elurtu bukolikoetan zein hiri moderno aurreratuenetan aurki daitezkeen norbanako bakartuen dramak, hain zuzen. Izan ere, Henning Mankellen eleberri honetan, beltzak berak baino gehiago, esango nuke irakurlea grisaren tonuek harrapatzen dutela. Kurt Wallander inspektoreak gorpuzten duen arruntasunaren azalpen gordinak, alegia.
​
KURT WALLANDER EDO ARRUNTASUNAREN AZALPEN GORDINA
Miren Gorrotxategi
aitzinekoak...
arnaldur eta erlendur
uzta gorria: dashiell
hammett
​
ripley trebea
​
imabelleren amodioz
​
​
ez adiorik