top of page

ELKARRIZKETAK

Idoia

Santamaria

Urgaregi

Idoia Santamaria Urkaregi

​

​

1.- Epailea eta haren borreroa nobelak zer leku du Alfred Dürrenmatten obra osoaren barrenean.

 

Dürrenmatt antzezlanek egin dute ezagun batik bat literaturan. Adineko damaren bisita (Der Besuch der alten Dame, 1956) eta Fisikariak (Die Physiker, 1962), esaterako —bere antzezlanen artean ezagunenak—,  behin eta berriz antzezten dira oraindik ere Europako antzoki nagusietan, eta Bertolt Brecht alemaniar dramaturgo ospetsuaren lanekin alderatu izan dira antzezlanok. Baina, antzerkiaz gainera, beste genero askotako lanak ere idatzi zituen Dürrenmattek: besteak beste, nobela beltzak, saiakerak, kritikak, istorio laburrak eta entzuteko istorioak (arrakasta handia dute entzuteko istorioek Alemanian eta beste herrialde germanofonoetan, Hörspiele izenaz).

​

1940ko hamarkadan hiru antzerki-lan idatzi ondoren, 1950ean argitaratu zuen Dürrenmattek Epailea eta haren borreroa; lehenengo, atalka, Suitzako egunkari batean (1950eko abendutik 1951ko martxora bitartean), eta, gero, 1952an, liburu gisa. Itxura guztien arabera, diru-premiak bultzatuta idatzi zuen Dürrenmattek.

​

1949ko udan, Dürrenmatten emaztea, Lotti Geissler, ospitaleratu egin behar izan zuten bigarren umearen haurdunaldian izandako osasun-arazo batzuen ondorioz; aldi berean, Dürrenmatten diabetesak okerrera egin zuen, eta ospitalera jo behar izan zuen berak ere. Horrek guztiak diru-gastu handiak eragin zituen, eta, familiaren finantza-egoera kaskarra nolabait onbideratzearren, Dürrenmattek, hainbat  argitaletxerekin harremanetan jarri, eta istorio labur bat edo eleberri bat idazteko eskaini omen zien bere burua. Aurrerakin ugari jaso omen zituen orduan, baina agindutako istoriorik idatzi ez azkenean. Hurrengo urtean, hala ere, eleberri bat atalka argitaratzeko proposamena egin zion Der Schweizerische Beobachter egunkariak, eta, horri esker, 500 franko suitzarreko beste aurrerakin bat jaso omen zuen Dürrenmattek. Hala, azkenean, Epailea eta haren borreroa idatzi zuen, atalka, egunkarirako. Esan bezala, urtebete geroago, liburu gisa argitaratu zuen, egunkarian argitaratutako bertsioari aldaketa batzuk eginda, eta arrakasta handia izan zuen, berehalakoa. Hainbesterainokoa, ezen beste nobela beltz bat idatzi baitzuen ia segidan: Susmoa (Der Verdacht, 1953; hau ere egunkarian argitaratua lehenengo, atalka, 1952an).

 

2.- Enkarguzko obra dela dirudi, hitzaurrean esaten duzunez (are gehiago, auto-enkarguzko obra). Ba al du horrek eraginik lanaren kalitatean?

​

Diru-premiak bultzatuta idatzi bazuen ere, maisulan benetakoa da, aditu askoren ustez.  Badu zerbait berezia nobelak, nik uste, irakurlea harrapatzen duena: ustez istorio nagusia dirudienari —hilketa bat eta hilketa hori argitzeko prozesua— beste istorio batek hartzen dio gaina, nobelak aurrera egin ahala, eta horrek agerian uzten ditu pertsonaia guztien argi-ilunak. Auzi filosofikoak atsegin ditu Dürrenmattek (filosofia ikasi zuen Unibertsitatean), eta ataka zailen aurrean jartzen ditu pertsonaiak —liburuko bi pertsonaia nagusiak, batez ere: Bärlach eta Gastmann—. Liburuko bi istorioen arteko oreka oso ondo lortua dago, nire iritzirako, eta narratzaileak hasiera-hasieratik irakurleak baino gehiago baldin badaki ere, oso ondo neurtuak daude narratzaileak istorioari buruz aldiro ematen dituen informazio-puskak. Ironiaz beterik eta destaina-puntu batez, energia-olatu ilun, ezkutu eta —liburuan aurrera egin ahala— gero eta indartsuago bat azaleratzen da pixkanaka liburuan, eta olatu horren gainean doa irakurlea, arnasari eutsiz, nora iritsiko den jakin gabe. Enkarguz egin izanak ez dio kalitate-apurrik kentzen nobelari, nire ustez.

 

3.- Idazle handien artean badira nobela beltzera edo enigma-nobelara hurbildu direnak (Capote, Borges, eta berrikiago Banville irlandarra).  Zer moduzkoa iruditzen zaizu, Dürrenmatten kasuan, emaitza.

 

Oso maila duinekoa iruditzen zait emaitza. Hiru nobela beltz idatzi zituen Dürrenmattek: Epailea eta haren borreroa lehenengo; Susmoa (Der Verdacht) gero, eta Agindua (Das Versprechen), azkenik, zein ala zein interesgarriagoa, nire iritzirako.

​

Dürrenmattek antzerki-lanetan jorratutako gai bertsuak lantzen ditu nobela beltzetan ere: bizitzaren absurdoa, errua, erantzukizuna, botere-harremanak…, beti ironia fin-finaz eta begirada kritiko eta, hala ere, samur batez. Banvillek edo Capotek bezala, nobela beltzeko klixeak darabiltza Dürrenmattek ere, baina, haien antzera, klixe horiek bihurritu eta zilipurdikatu egiten ditu, eta espero ez duen eremu ezezagun batera eramaten du beti irakurlea. Ustekabeko horren kudeatzaile aparta da Dürrenmatt, eta amua oso-osorik irentsarazten dio irakurleari.

​

Dürrenmatten hiru nobela beltzetako biren pertsonaia nagusia Bärlach komisarioa da, 60 urte inguruko gizaseme nekatu, azkar, jatun eta ironiko bat, bakarrik eta liburuz inguratua bizi dena, nobela beltzetako beste detektibe ezagun askoren antzera. Izan ere, Banvillek berak esana da noizbait ederra litzatekeela nobela beltz bat idaztea non detektibea hiru seme-alaben aita zintzo eta emaztearen senar zoriontsu bat den, alkohol- eta droga-arazorik batere ez duena, baina halako nobela beltz bat ez lukeela inork irakurriko.

​

4.- Landa-giroko nobela beltz gisa definitu duzu Epailea eta haren borreroa. Zehaztuko al zenuke pixka bat nobelako giro hori? Nobela honetako giroa ez al dago Agatha Christieren paisaia ingelesetakoeatik hurbilago?

 

Landa-giroko nobela bat dela diot nobelaren istorio nagusia (edo itxuraz istorio nagusi dena) Suitzako Bieleko aintziraren inguruko herrixketan gertatzen delako. Hiri handi batzuen izenak aipatzen dira nobelan (New York, Chicago, Frankfurt, Konstantinopla…), baina hiriok ez dute garrantzirik istorioaren garapenean. Dürrenmattek, gainera, nobela idaztean bizi zen inguruan kokatu zituen nobelaren gertaerak, bizileku zuen Ligerz herrian, besteak beste. Errealitatetik bere horretan hartuak dira liburuan agertzen diren herri-izenak eta mendi, hiri, ibai eta errepideen deskribapenak. Baina izen horiek guztiak ez dira soilik errealitate baten isla zuzen-zuzena; horrez gainera, estu loturik daude nobelako hilketa argitzeko prozesuarekin.

 

Egia da Agatha Christieren paisaia ingelesetatik gertu egon daitezkeela Dürrenmatten nobela beltzetako Suitzako herrixken deskribapenak. Christieren kasuan, Jane Austenen lanetako deskribapenen eragina nabarmendu izan dute aditu batzuek. Eta Christieren detektibe ezagunak, Hercule Poirotek, Dürrenmatten Bärlachek bezala, leku errealetan argitzen ditu batzuetan bere kasuak: esate baterako, Evil under the sun nobelan aipatzen den Smuggler’s Island, Burgh Island izeneko lekua da berez, Hamar beltx nobelan ere agertzen dena. Eta Dead Man's Folly nobelako hilketa Agatha Christie bizi zen Devon eskualdeko etxeko ontziralekuan bertan dago kokatua. Beraz, badirudi badela antzekotasunik Dürrenmattek eta Christiek leku eta paisaiak beren lanetan agerrarazten dituzten moduan.

 

5.- Jim Thompsonen 1280 arima ere herri txiki bateko giroan kokatzen da (Dürrenmattena bezala), baina Estatu Batuetan.  Zer eragin du giroak edo paisaiak Epailea eta haren borreroako hizkeran?

 

Badira hizkerari buruzko zeharkako aipamen batzuk Epailea eta haren borreroan. Batetik, hizkuntza-nahasketa ageri da, Suitzako eleaniztasunaren erakusgarri. Esate baterako, nobelako pertsonaia gehienek alemanez dihardute, baina bada polizia bat (Jean Pierre Charnel) alemana menderatzen ez duena—hala dago adierazita nobelan—, Suitzako eremu frankofonokoa baita; pasarteetako batean aleman mordoilo samarra eta frantsesezko hitz eta esaldiz zipriztindua darabil beste poliziekin hitz egiten duenean, eta nabarmena da deseroso sentiarazten duela alemanez hitz egin beharrak.

​

Landa-inguruan bizi diren poliziak ezjakin samar gisa daude erretratatuak nobelan. Hala ere, hizkeran baino gehiago, hizketaldiaren edukian nabarmentzen zaie ezjakintasun hori. Esate baterako, Tschanz detektibeak (Bärlach komisarioaren laguntzailea eta nobelako pertsonaia nagusietako bat) ez ditu ondo ulertzen Bärlachek mitologia klasikoari buruz egiten dituen aipamenak, eta sumindu egiten da, inbidiaren inbidiaz, beste batzuen kultura-erakustaldien aurrean.

​

Beste pertsonaiak batzuek —von Schwendi politikariak eta Lutz doktore eta Bärlachen nagusiak, kasurako— hizkera hanpatu eta handinahiago bat darabilte, Dürenmatten ironia finak aski barregarri uzten duena beti.

Bestalde, Suitzako alemanaren zipriztin dialektal batzuk ere ageri dira nobelan; ez gehiegi, hala ere, aleman estandarrean idazten baitu gehienbat Dürrenmattek.

 

6.- Zailtasun berezirik topatu duzu itzulpena egitean? Zertan?

​

Batetik, deskribapenak aipatuko nituzke, naturarekin eta paisaiarekin lotutako deskribapenak, batik bat. Zaila gertatu zait deskribapenok zehatz eta, aldi berean, natural, sinesgarri egitea. Izan ere, zaila da adjektiboekin asmatzea, eta, asmatzen ez baduzu, artifizial gelditzen da testua, behartua, eta, halakoetan, ziplo “erortzen” da kontatzen ari zaren hori, txotx mehez egindako aldamio ezegonkor bat balitz bezala. Buelta asko eman dizkiet deskribapenei, bai.

​

Bestetik, bi pertsonaia nagusien arteko elkarrizketa filosofiko luzeak sinesgarri egitea ere ez zait erraza gertatu; esate baterako, Gastmannen eta Bärlachen arteko elkarrizketa luzea, urte batzuk lehenago Istanbulen bizitakoa gogoratzen dutenean biek; edo Bärlach komisarioaren eta Tschanz poliziaren arteko zenbait elkarrizketa, garrantzitsua baitzen informazioa behar bezala dosifikatzea eta, aldi berean, eraginkor izatea.

Hitanoaren erabilera ere aipatu nahi dut hemen. Liburuko pertsonaia guztiek zuka hitz egiten dute hasieran, baina, istorioak aurrera egin ahala, tratamendua aldatzen dute zenbait pertsonaiak, eta hika hasten dira. Nik ez dut menderatzen hitanoa, ez baitut erabiltzen nire hizkeran. Beraz, laguntza eskatu behar izan nuen pasarte horietarako; hortaz, irakatsitako eta zuzendutako guztiak eskertu behar dizkiet Xabier Olarrari, Iñigo Roqueri eta Juan Garziari, hiruren eskuetatik pasatu baitzen nire itzulpenaren zirriborroa.

​

Azkenik, Dürrenmatten estiloari dagokionez, hipotaxia da haren idazkeraren ezaugarrietako bat, hau da, mendeko esaldiak bata bestearen atzetik lotzeko joera. Horrekin batera, elipsi, enumerazio eta tarteki ugari erabiltzen ditu, azaltzen ari denaren hari-mutur guztiak bateratu nahian-edo. Euskaraz ere baliabide aproposa da aditzaren elipsia, batez ere lehenaldiko aditz laguntzailea hainbestetan ez errepikatu behar izateko, baina komeni zen neurria hartzea jatorrizkoak aditza elipsian uzteko duen joerari, beste muturrera ez joateko eta testua ulertezin ez uzteko. Horrekin ere buelta eta errepaso mordoxka egin nizkion itzulpeneko testuari.

​

 

Itzulpenarekin zerikusia duen bitxikeria batekin amaituko dut; ez euskarazko itzulpenarekin, gaztelaniazko itzulpenarekin baizik: jatorrizkoak 21 kapitulu ditu (edizio batzuetan, zenbakituta daude kapituluak eta beste batzuetan, ez; baina, modu batera zein bestera, 21 atal ditu liburuak). Gaztelaniazko itzulpenak, ordea, 20 atal bakarrik ditu, azkena falta du. Esku artean izan ditudan gainerako hizkuntzetan (frantsesez eta ingelesez), 21 atal ditu itzulpenak ere, eta orain, baita euskarazkoak ere, noski. Azken kapitulua falta izanak badu garrantzirik, gaztelaniazko nobela ez baita jatorrizkoa bezala amaitzen: hildako bat gehiago dago jatorrizkoan gaztelaniazkoan baino. Ez dakit zerk eragin zuen akats hori, baina bitxia da behintzat, ezta? Konturatu nintzenean, ezinegon halako bat sumatu nuen berehala: «zenbat aldiz irakurri ote dut jatorrizkoan bezala amaitzen ez den nobela bat?»

 

​

aitzinekoak...

Martin eta Xabier

Etxeberria

​

Koro Nabarro

          

Juan Mari Mendizabal

​

Iñaki Irasizabal

​

Patxi Larrion

​

Ernesto Prat

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

Argazki

beltzak

bottom of page