Argazki
beltzak
ZERRIAK HEGAN
aitzinekoak...
Brexitaren erreferendumak Pandoraren kaxa zabaldu aurretik ere, ingelesek beti izan dute besteei goragotik begiratzearen fama makur hori. Uharteetako beste nazioei lehendabizi jakina (eskoziarrak zeken hutsak omen, galestarrak basatiak, irlandarrak zer esanik ez), baina baita kontinenteko europarroi ere eta, batik bat, periferikoak diren hegoaldeko herrialdeetako biztanleei, zeini klima epelei eransten zaizkien estereotipo eta aurrejuzku ustel guztiak (alferkeria, arduragabezia) egozten dizkieten.
​
Horren harira asmatu zuen Londreseko Financial Times aldizkari famatuak PIGS akronimoa, krisi ekonomiko larriena pairatzen (edo haien ustez eragiten) ari ziren herrialde horiek izendatzeko: Portugal, Italy, Greece, Spain. “Pigs” hitzak zerriak esan nahi du ingelesez, eta bertako esamolde batekin ere lotzen zuten: errazagoa izango omen zen zerriak hegan ikustea, herrialde hauek fundamentuz aritzen hastea baino.
​
Hasi beharrik ez ordea, arazoak arazo, mediterraneoaren urertzean aspaldi ekin baitzioten artez eta serio lan egiteari. Esate baterako, Hilbeltza zaleoi gehien interesatzen zaigun alorrean: genero beltzeko literaturan. Antzinakoenak lehenengo aipatzearren, Greziak autore on ugari eman ditu, Yannis Maris edo Sergios Gakas adibidez, baina bat guztien gainetik ipintzekotan Petros Markaris, idazle erdi-armeniar erdi-greziar Turkian jaioa (hori bai dela periferiaren txapeldun izatea). Ezkertiarra izanagatik, Atenaseko polizia bat da (Kostas Jaritos komisarioa) bere eleberri famatuenen protagonista, eta hain zuzen ere krisi finantzieroak jotako greziar gizartearen erretratu gordina erakusten digu.
​
Hegoaldearen hegoaldekoa da Andrea Camilieri ere, Sizilia uharte ederrean jaio eta aurten joan zaiguna. Idazle italiarra “Uraren forma” eleberriarekin (Igela argitaletxean euskaraz irakur dezakezuena) hasi zen Montalbano komisario ezagunaren sailarekin, liburu eder ugaritan luzatu zena. Jerarkiaren aurkakoa eta menderagaitza da Montalbano, eta haren istorioak gehienetan boterearen kritika du ardatz, dela mafia, dela harekin elkar hartutako estatua, migrazioari buruz ere hitz eginez sarritan. Sardina zalea Camilleri, zalantza gabe.
​
Jan-zale amorratua zen Vazquez Montalban idazle kataluinarra ere. Camilleri bere laguna zen, kataluinarrari keinu gisa bataiatu zuen Montalbano bere protagonista hain zuzen. Merezi zuen noski. Vazquez Montalban europar literatura beltzaren erraldoi bat izan baitzen, idazle oparoa, zorrotza, kontrobertitua, ezkertiarra… gehitu zuek nahi dituzuen adjetibo guztiak Pepe Carvalho ikertzaile pribatuaren aitarentzat.
​
Baina aitak (edo hiru hauei erreparatuta, aitonak) bakarrik ez direnez literaturan, emakumezko gazte portugaldar baten aipamenarekin bukatuko dugu kruzero literario hau. Filipa Meloren “Hau nire gorputza da” eleberriak sari ugari irabazi zituen Portugalen eta danbateko itzela eman zuen zenbaiten mahai gainean: emakumea eta gaztea izateaz gain, Angolan jaiotakoa baita Melo. Are hegoalderago beraz. Aurrejuzku are gehiago, baita gure artean ere. Baina kontinente beltzeko genero beltzak beste artikulu bat mereziko du, ez duzu uste?
​
​
arnaldur eta erlendur
uzta gorria: dashiell
hammett
​
ripley trebea
​
imabelleren amodioz
​
​
ez adiorik
​
kurt wallander....
Etxeberria anaiak