top of page
elustondo.jpg

ELKARRIZKETAK

Miel A.

Elustondo

Miel A. Elustondo :

Kezko bola batek itoak birikak

​

​

1.- Euskal Herritik kanpokoa eta bertakoa nahasten dituzu zure nobelan, ondotik Baztan-Bidasoa eskualdean akitzeko. Mintzoak eraman zaitu hor kokatzera ala hor nahi zenuen historia eta ondotik erabaki duzu mintzoa?

​

Hasmentatik nahi nuen Baztan inguruan kokatu istorioa. Ez nekien guziz ballean ibiliko ote nituen pertsonaiak, baina partez hor ibiliko zirela, dudarik ez nuen. Nobela akitzean, hor dabiltzala ikusi dut, handik honat eta hemendik harat, batean eta bertzean, eta Baztango mintzoan solastatzen direla, (H)ilbeltzako kide (H)ilbeltzen solas biziaren kulpaz. Ni errugabea naiz, epaile anderea.

​

2.-Ezaguna da errealitateak fikzioa gainditzen duenekoa. Zure nobelan nolako pisua du errealitateak eta zenbatekoa fikzioak?

​

Lehenbiziko galdera erantzutea baino nekeago zait bigarrenari ekitea... Pentsatu egin beharko nuke erantzun aitzinetik... Liburuaren atariko paratu dudan aipura joko nuke, erranez fikzioa dela guzia, oso-osoan, eta zoriaren falta, kulpa, errua, dela istorioak errealitatearekiko izaten ahal duen lotura mehea. Garbi erraten dut: “Gezurra”. Baina gaurgero ez dakit ibili dudan aipua bera ez ote den gezurra!

​

3.-Istorio desberdinez osatutako gertaerak agertzen dizkiguzu inguru bakarrean akitzeko. Hori ere hautua izan da?

​

Doike! (H)ilbeltza bekaren aldera dator nire istorioa, eta (H)ilbeltzen aldeko omena dut Kezko bola batek itoak birikak. Nobela honek (H)ilbeltzen artean izanen ditu, inon izatekotan, irakurle zintzo eta zorrotzenak, eta haien tokien aldeko hautua egin dut, nahita. Horretan bai, neuk zuzendu ditut pertsonaiak eta euren ibiliak. Istorio ezberdinak bildu ditut, kontatu dudana baino gehiago kontatu nahi nuelako. Kontatu zain dira oraindik.

​

4.- Nobela beltza eta kritika soziala literaturan batera bizi behar duen bikotea da zure ustez?

​

Ez naiz nire barna sobera erakutsi zalea, are gutiago inor leziatu zalea. Mahai ondoan bildurik zernahi defendi nezake, eta zernahiren kontra egin. Gauza guti sinesten dut, eta, gutiena, solas ezarriak: “konstruktuak”, erraten dute. Hori ongi da unibertsitateko irakasleen lanetan, horixe dute egitekoa, ustezko egiak paratzea. Nik, aldiz, jendearekin solastatzea dut egitekoa, eta munduan buruak baino aburuak aunitzez gehiago direla ikusi dut. Hala eta ere, kritika soziala egiteko aparteko bidea da nobela beltza, bertze zernahi solas eta letra bezainbat.

​

5.-Euskal Herrian barna batera eta bertzera dabilen langile autonomoa zara, lan desberdinekin osatuz lanaldia. Nobelak nolako pisua izan du aurten zuretako?

​

Menturaz, ez da Baztango mintzoa, baina etxekoa dut: burukantsazio galanta! Harako Juan Ignazio Iztuetaren Kontxesiren gisara, ezin kendu burutik nobela! Egunez, eta gauez, hantxe agertzen zitzazkidan beti nobelako solas eta letrak, tokiz aldatuak! Eta, are makurrago, nire lanean ezagututako Aura Lolita Chavezek Guatemalako infernura ninderaman! Erotzekoa. Eta urtean akitu behar lana! Jainko ez-jainkosa guzien zigorra izan dut!

 

​

aitzinekoak...

Martin eta Xabier

Etxeberria

​

Koro Nabarro

          

Juan Mari Mendizabal

​

Iñaki Irasizabal

​

Patxi Larrion

​

Ernesto Prat

​

Idoia Santamaria

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

Argazki

beltzak

bottom of page