top of page

POESIAREN KRIMINALAK

​

Itzulpenak : Amaia Apalauza eta Jon Alonso

Batzuei beti iruditu zaigu susmagarria, literatura generoetan sailkatu nahi izatea.  Literatura mota bati edo bertze bati genero bat atxikitzea, etiketa bat paratu nahi izatea da. Literatura mota jakin bati, edozeini, etiketa bat paratzeko asmoaren gibelean, beti dago asmo konfesaezin bat. Izaten ahal da errealitatea kontrolatuko delako asmo barregarria; izaten ahal da  liburu gehiago salduko delako asmo komertziala; izaten ahal da  azterketa errazago gaindituko delako asmo didaktikoa; izaten ahal da ezjakinari orientazio pixka bat emateko asmo praktikoa; izaten ahal da norberaren jakintza bertzearen gainetik paratzeko asmo handinahi, eta aldi berean, hutsala. Edo, izaten ahal dae, seguruenetik, asmo horiek guztiak eta bertze batzuk bere baitan, nahasita, eramanen dituen asmo hibrido eta nabarra.

​

Berdin da. Literaturari etiketak paratu nahi izatea itsasoaren koloreen tonuak, elurraren zuriaren intentsitateak edo euri-klaseak sailkatu nahi izatea bezalakoa da: saihestezina, ulergarria eta are txalogarria ere, baina beti frakasorat kondenatua. Jende anitz saiatu da, eta egundaino ez dira arruntean konforme paratu. Literatura, itsasoaren koloreen tonuak, elurraren zuriaren intentsitateak edo euri-klaseak bezala, neurri batez, sailkaezina baita.

​

Horrela, guk orain eta hemen Manuel Vazquez Montalban, Jean Claude Izzo, Leonardo Sciascia, Agatha Cristhie... izenak ematen baditugu, zuetako anitzek berehala erranen dute; a, bai nobela beltza eskribitu duten idazle handi batzuen zerrenda ematen ari dira.

​

Bai eta ez. Bai, egia da, baina ez da egia erabatekoa. Zeren gaur honat dakartzagun idazleen ezaugarri bat da, nobela beltza eskribitu zutela, baiki; baina bertze bat, orain kontuan hartuko duguna, hain zuzen poesia ere eskribitu zutela da. Eta noiz egiten ari ziren literatura Vazquez Montalban, Camilleri, Izzo, Sciascia, Agatha Crhistie…? Nobela beltza eskribitzen ari zirelarik edo poesia eskribitzen ari zirelarik? Antzerkia eskribitzen ari zirelarik bai, saiakera eskribitzen ari zirelarik bai, ipuingintzan ari zirelarikbai, eta nobela beltza ari zirelarik, ez?

​

Zenbait kritikok balioa ukatzen omen diote genero beltzari, eta beltza eskribitzen duen zenbait idazle horregatik kexu omen dira. Baina genero bat edo bertze bat erabiltzeak ez du inor idazle egiten, ez idazle izatetik salbuesten. Idazle bat ez da txarra genero beltza erabiltzeagatik; ezta ona ere. Generoa eta kalitatea bereiz doaz. Idazle txarra, txarra da, edozein genero erabilita ere; ona ere berdin: ona da erabiltzen duen generoa zein den aparte utzita. Gainera, anitz dira hainbat generotan saiatu diren idazleak. Zerrenda alimalekoa da.

​

Gaur eta hemen nobela beltza eta poesia, biak, idatzi dituztenen lagin ttipi bat bildu dugu, zuei erakusteko. Poesiaren kriminalak dira, beren lanarekin demostratu zutenak generoen gainetik idazleak zirela; eta etiketen gainetik, literatura egiten zutela.

​

Lehenbiziko poema ez da beltza, ez du etiketarik, baina literatura da, hemengoa, gurea.

​

Gaurko poesiaren kriminal gehienak mundu urrun eta zabaleko poetenak dira, guk hasteko,  hurbilekorat joko dugu, etxean eginen dugu lehenbiziko geldialdia. Ilbeltza ailegatu baino lehen, belztu zen Baztan, buruilean, negua ailegatu baino lehen, izoztu zen negua.

​

Aurten artio gure artean izan dugun, eta (H)ilbeltzako ekitaldietarat etorri ohi zen poeta baten poemarekin hasiko gara:

​

HARAGIAREN IZANA

​

Malkoak non izkutatzen dira begietatik urruntzen direnean

eta irribarreak non ahoa giltzapetzean.

Begiradak nora joaten dira betazalak erortzean

eta ametsak nora pertsianak zabaltzean.

Bakar-bakarrik dakit,

uneek indarra galdu dutela oroitzapen bihurtu direnean,

minutuek zentzua kuku erlojuaren doinuan,

eta zure izana inoiz baino fisikoagoa dela

haragizko gorputz horretatik ihes egin zuenetik.

​

JEAN CLAUDE IZZO

​

Jean Claude Izzo Marseillan sortu zen, 1945ean. Izzo idazlea zen, eta bere generoak kazetaritza eta poesia ziren, batez ere; hala, 1970. urtean argitaratu zen bere lehen poema liburua. Izzo kazetaria eta poeta ez genukeen egundaino ezagutu izan; ordea, hiru nobela beltz idatzi zituen, Marseillako trilogia, eta liburu horien bidez ezagutu dugu Izzo. Bere trilogia aipatu hartan salatu zuen, etorkin musulmanak nola joan ziren islamista bihurtzen, eta prozesu hartan mafiak probetxua ateratzen zuela, eta gero eta eskuin muturreko elementu gehiago zeukan Poliziak, ezikusiarena egiten zuela. Hogei urte geroago Parisko Bataclaneko sarraskiak eta antzeko bertze batzuk gertatu dira Frantzian.

​

Poema honek Profetaren hondartza du izena; izan ere, Marseillako hondartza bat da. Zer profetarena? Edertasunaren egian sinesten dutenena.

​

PROFETAREN HONDARTZA
 

Profetaren hondartza Marseillan

Han pausatu dira

 

Lehenik begi gris-berdeko neska

Iparreko itsasoetakoa

Niloren ertzetan heldutako irribarrearekin

 

Gero laguna

Eskualde Garaietako poeta

Mugalarien xuxurlei adi

Atzerriko bidexka idorretan

 

Zaharrena azkenik

Haizezko zoladun gizona

Batzuetan afganiarra, besteetan mongoliarra

Erdizka ikusitako mundu zaharrek sostengatua

 

Profetaren hondartza

Beren urratsak gidatu dituzte

Sartaldeko eguzkirantz

 

Olatu bat etorri da beren oinak laztantzera

Profetaren bedeinkazioa

Profeta anonimoa

Edertasunaren egietan

sinesten duten horiena

 

Profetaren hondartza

Profetarena

 

 

AGATHA CHRISTIE

​

Erraten ahal dugu Agatha Christie krimenaren erregina dela. Hala, 66 eleberri beltz edo poliziakoak idatzi zituen guztira. Haietatik 14 baditugu euskaraz, ez dago gaizki!. Hala ere, bertze genero batzuetako lanak ere idatzi zituen: antzerkia, irrati eta telebistarako obrak, ipuinak… eta baita poesia ere. Zehazki, bi poema-liburu idatzi zituen: Ametsen bidea eta Poemak.

​

Arras gaztea zela hasi zen poesia idazten, eta zenbait sari ere irabazi zituen. Bere autobiografian aipatzen du gaur irakurriko dugun poema, «Basoan behera» izenekoa, beraren kuttuna zela. Naturari buruzko poema bat da, paisaia bat deskribatzen duena, basoa, eta badu halako kutsu ilun eta ospel bat, aski asaldagarria. Izan ere, zer altxatzen da basoko paisaia baten gibelean? Zer gertatzen da basoko elementuak mugitzen hasten direlarik?

Dardarari eusteko prest?

​

​

BASOAN BEHERA

​

Adar marroi biluziak zeru urdinaren aurka
(eta isiltasuna basoaren barrenean),
hostoak, makalik, zure oinen pean hedatuz
enbor marroi-ilunak beren unearen esperoan
(eta isiltasuna basoaren barrenean).
Udaberri zintzoa gaztetasunaren moldean,
uda maitasunaren joritasun goibelaz,
udazkena oinaze bilakatzen den pasioaz,
hostoa, lorea eta garra
erori eta huts egin dute
eta edertasuna
edertasun biluzia basoan geratu da!
Adar marroi biluziak ilargi eroaren aurka
(eta zerbait mugitu da basoan),
hostoak karraska eta heriotzatik altxa
adarrak keinuka lizunki argitan
(eta zerbait ibilian doa basoan).
Kirrinka eta zurrunbiloka, bizirik daude hostoak!
Heriotzak deabruki dantzaraziak!
Txilioka eta zabuka zuhaitz ikaratuak!
Haizea zinkurinka eta dardaraka
eta beldurra
beldur biluzia basotik aienatu da!

​

​

MANUEL VAZQUEZ MONTALBÁN

​

Poesiak badu, batzuetan, osagarri profetiko bat, norberak aurreikusiko balu bezala etorkizunak zer ekarriko duen, Vazquez Montalbanen poema honetan bezala. Manuel Vazquez Montalban arras ezagun egin da Pepe Carvalho protagonista duten nobela beltzengatik. Hainbertze jendek ez daki, ordea, nobela beltzak idazten hasi baino dexente lehenagotik, poesia idazten eta argitaratzen zuela.

​

Poema honetan, bera hil eta gero emaztea, Anna Sallés, bizi izandakoaren preso gelditu ez eta bizitzen segitzera, aitzinerat egitera akuilatzen du. Vazquez Montalban duela 16 urte hil zen, 2003an. Anna Salles emazte izandakoak, egun, 80 urte ditu. Unibertsitateko irakaslea, intelektuala aitortua eta militante ezaguna izan da Catalunyan, bizitza osoan. Gaur egun erreferentea izaten segitzen du bere herrian eta independentista bihurtu dela aldarrikatu du berriki.

​

ARRAS ZAHARTUA ZARELARIK

​

Arras zahartua zarelarik,

eta ni gaurgero hila

arrats batez

ordu bereziak aurkituko dituzu

sartaldeko ekien usaina

itzulerarik gabeko kaleetan

gautu den airearen iluna

 

alderrai ibiliko zara etengabe

kristalean une zoriontsuak islatzen dituen

ispiluaren bila

-itsasoa

gure haragietan eguzkia eta desioa-

 

Denbora kristalean hiltzen delarik

drogatu gintuzten musikak

entzungo dituzu

berpizten gintuzten eguneroko azantzak

xaboizko uren

leize ikaragarrietarako

isuri-hotsak

 

musika-kutxak postal zerebralak

eta ispilu finkoan gure bizitzaren iragarkia

hortz zuri eta azal doratuekin

gazteak antzinakoak zoriontsuak garaiezinak

 

baina ez daitezela zure begiak ilun

eta ispiluak ez ditzala iraungi

beren errealitatea eta zure desira

zahar eta bakarti kausituko zinelako

etsipenak lokartutako begiekin

haizeak

larrazken petral baten orbela darama

 

arras zahartua zarelarik

eta ni hila,

apurtu ispiluak erretratuak oroitzapenak

jantzi koristaren kuleroak eta akantozko diadema

atera biluzik balkoira eta egiozu txiza munduari

leiho itxiek

zu fusilatu baino lehen.

​

​

ITXARO BORDA

​

Bizitza nola badoan izena du Itxaro Bordaren lehenbiziko liburuak; Maiatz argitaletxeak plazara ekarritako estreinako liburua izan zen, 1984an. Poema bildumako azken pieza da “Kaskezur”, Itxarok duela 38 urte idatzia.

​

Zer gertatzen ote zaigu hil ondotik? Gizaki guztiek beren buruari galdetzen dioten kontua da hori, betiko kezka, betikotasunaren zalantzari buruzkoa. Nor mintzo da poeman? Poeta bera? Ez! Kaskezur bat.

​

Poema eder honek gogora ekartzen dit Danimarkako erregearen bufoia, Yorick bufoiaren kaskezurra, ehorzleek lurpetik ateratzen dutelarik  Hamletek ikusten duen burezurra; eta orduan Hamleti akordura etortzen zaizkio hogei urte atzerako kontuak, haur garaian gizon ero baina burutsu harekin bizi izan zituen jolasak, txantxak, kantuak, irriak.

​

Baina une honetan Hamletek oraino ez daki (zer ez daki?!), ehorzleak zuloa egiten ari direla... etzateko bertzenorbait: Ofelia maitea.

​

​

KASKEZUR

​

Bai, zuek ez dakizue, baina nik badakit

heriotza ondoan gizakiari zer gertatzen zaion.

Zerura doakeela, hori bi mila urte hauetan

sinetsarazi diguten gezurra da.

Bai, zuek jakin nahi zenukete eta

nik badakit, badakit zer gertatzen den.

 

Heriotza ondoan gorputzean ur bitxiak pizten dira,

zelula hilak ezeztatzen hasteko,

ur keldartsu horrek, hiroduraren bidea irekiz,

bakteria emankorren goseak susta ditzake.

 

Eta dantzaren zorabioan sartzen dira,

haragia usteltzen, urrintzen, ziringatzen,

ihaurrika nahasian parteka erortzen ari denean,

sartzen dira arbiskak eta herrestariak,

har sortu berri malatsak, zizare familia osoak,

mamutxar asegaitzak, eta airean,

kinka kaltekor honetaz baliatuz

zirurikan, haserrez ziztaka, idurikan antsiaz eta zaunkaz,

ulu beltzurdinak, miruak, lespadak eta arrano gosetiak.

 

Denbora gutiz gorputza ezer ez da:

eskeletoetako hezur gisukiz hustuak

lur barnean edo gainean

ahanztearen eguzki erreak zurituko ditu.

 

Datorren larrazken hegotsuan

bare karakoilak, arkamelu eltxarrak,

suge hotz nagiak eta kuxkandel hormatuak

neguaren iragaiteko kaskezurraren ziloetan,

giharrez eta zainez beteak ziren zilo guzietan,

kabituko, kokatuko, lokartuko dira.

​

​

OMAR NABARRO

​

Haragizko amoreak izena du Omar Nabarro (Edorta Jimenez) idazlearen azken poema liburuak, Susa argitaletxeak 2010ean plazaratua, orain dela 10 urte kasi. Liburu horretako azken bigarren pieza da “Itsasoaren aurrean”.

​

Edortak berak irakurritako audioa aditzen ahal duzue  Susaren webgunean.

Itsaso zabalari begira, zer dago ba? Hilerria. Eta nor ote da noizbait hil eginen dena? Omar Nabarro. Heriotza ondorako, poetak bere borondateak adierazten ditu: “ehortz nazazue itsasoaren aurrean; jar nazazue oinak iparrera, burua hegoaldera”. Mundakako hilerria toki xarmanta da, itsasoko haizeetarantz etzanda dagoen zelaia.

​

ITSASOAREN AURREAN

​

Orduan esaiezue erleei: Omar Nabarro hil da!

Eta esaiezue harekin batera hil direla

Jimenez eta haren beste heteronimoak,

eskola urteetako goitizenak, etxekoen

izen sekretuak, soldadutzakoak eta beste,

eta horiek guztiak edonork erabiltzeko

libre direla: lehen izan diren bezala orain.

 

Eta erlerik ez bada esaiezue

aramuei, ingumei, eltxoei,

pinpirinei, euliei izan ezik

hegan doan intsektu orori,

baita airean nekez doazen

koleopteroei eurei ere:

Omar Nabarro hil da:

egizue hegan, eta albistea eroan.

 

Eta heriotza ortzegunez bada,

gogora ekarri Cesar Vallejo,

batik bat euria ari badu;

eta bestela bada, martitzenez edo bada,

begira, begira egizue gora

gauerdian, asturu gorria, Martitz,

han ote den, eta egizue negar

munduan isurarazi den hainbeste odol-

eta gezur-olderengatik. Asturu gorriak

 

Esaiezue ba, edozein egun izanda ere;

gero ehortz nazazue itsasoaren aurrean,

Robert Louis Stevenson bezala,

jakinik nire bihotza aspaldi datzala

lurperaturik Wounded Knee-n;

jar nazazue oinak iparrera burua hegoaldera,

mokozabalen eta lertxunen igaroaldien

ardatz zehatzaren gainean.

Ez ezazue nigaz kerik atera,

keak erleak eta besteak ere uxatuko lituzke-eta:

 

haragi bizirik errearen keak,

zeuon haragi bizi errearen keak erleei,

haragiaren keak erleei, Graziana,

eragotzi egin ote zien

halaxe eman zizueten heriotzaren berri izatea,

eragotzi ote zien, Graziana?

Kea izan ote zen ekarri zizuena

heriotzaren tenorean negarra,

Graziana, ekarri begietara,

eta betiko bertan lehortuta utzi?

Kea, Graziana?

 

Ez ezazue nigaz kerik atera, ba,

eta ehortz nazazue kaioen hegalezko

ortzi-sabaiaren azpian, Paul Valery gogoan;

amilotxen eta buztanikara horien, txonta

eta birigarroen, erleen belartzako zokoan, han,

indio egin ninduten ama eta amamaren

ezerez gardenaren alboan, mestizo

bihurtu ninduen aitaren

isiltasunaren belarri-belarrian,

Kantauri Natural History Museum horretan,

nagoen hor, espeziea ere hortxe den bitartean

amoniteek izan zuten amaieraren esperoan.

​

​

​

DOROTHY  B. HUGHES 

​

Dorothy Hughes idazle estatubatuar bat izan zen, batez ere misteriozko nobelak idatzi zituena. Arras ezaguna izan zen XX. mendearen erdialdean, eta hiru film ere egin ziren haren hiru nobela beltzetan oinarrituta; ezagunena, akaso, Toki bakarti batean, Humphrey Bogart eta Gloria Grahame aktore ospetsuek jokatua. Nolanahi ere, poesiaren bidetik abiatu zuen bere literatura-ibilbidea, poema-liburu bat izan baitzen beraren lehen argitalpena: Ziurtasun iluna. Gainera, Yale Unibertsitatearen poesia-lehiaketa ospetsua irabazi zuen lan harekin.

​

Poema labur honetan, zenbait elementu eta egoera konparatzen ditu, eta hala eramaten du irakurlea edo entzulea dilema batera… Izan ere, aise bizitzea ez al da ez bizitzea?

​

​

DOKUMENTUA

​

Iluntasuna baino hobea

gau-tximeleta baten

ziztada

hegalean.

 

Loa baino hobea

astigar baten

su borladunaren

orratza.

 

Elurra baino hobea

hegatxabal baten

zintzur gaztearen

doinua.

 

Eta askoz hobea

zigorkada bat

hileta-kanta ahul

hits bat baino.

 

Hobe dira

hausten eta lotzen duten gauzak

lasaitasuna

jasatea baino.

​

​

LEONARDO SCIASCIA

​

Sciascia Sizilian sortu zen 1921ean. XX. mendeko Italiako idazle inportanteenetako bat izan da, obra zabal baten jabe, zeinean antzerkia, kazetaritza, nobela, poesia eta saiakera landu baitzituen. Idazle polifazetikoaren ideia gauzatu egiten da Sciasciaren figuran.

​

Idatzi zituen nobelen artean, batzuk genero beltzekoak ziren. Nobela gogoangarri batzuetan politikarien ustelkeria eta mafiaren jokabidea salatu zituen, eta azaldu Italiako jendartearen bilakaera, non, poliki-poliki, politikaria eta mafiosoa txanpon bereko bi aldeak bihurtzen ari baitziren.

​

Baina Sciascia siziliarra zen ororen gainetik, eta poesia ere erabili zuen bere jaioterriari, Siziliari, kantatzeko, orain adituko dugun poeman bezala.  Sizilia, hodeiek itotako argi bat.

​

SIZILIAREN BIHOTZA

​

Chagallek bezala, lurralde hau harrapatu nahi nuke idi-begi mugiezinaren barnean.

Ez irudi-pasa mantso bat,

ez nostalgien izpi-koroa bat: bakarrik

hodei mamitsu hauek,

beherantz emeki doazen beleak;

belar-hondar erreak, zuhaitz bakanak,

filigranen gisara irarriak.

Nahigabezko ispilu miope bat, eurizko patu astun bat:

hain da urruti uda

ezen hemen hedatu baitzuen bere biluztasun epela,

argi-ezkatatsua –eta hain da desberdina

udazkenaren etorrera,

mahats-biltzearen ahotsik gabea.

Gauzen gaineko isiltasun hondagarria

arraildu egiten da, artzain-txirulak

soinu-izpi bat egin nahi duenero: eta beldur sakon bat hedatzen da.

Arbasoek ez zeukaten isekarako argi hau

hodeiek itoa, intziriz betea

lur akituetan, harri-koskor lakatzetan

iturrien begi lohitsuetan;

ninfa esetsiak

ez ziren hemen ezkutatu jainkoengandik; zuhaitzek

ez zuten heroirik elikatu beren fruituez.

Hemen, Siziliak bere bizitza du entzuten.

​

​

aitzinekoak...

arnaldur eta erlendur

Itxaro Borda

          

uzta gorria: dashiell

hammett

Xabier Olarra

​

ripley trebea

Alberto Ladron Arana

​

imabelleren amodioz

Eneko Aizpurua

​

​

ez adiorik

Irati Jimenez

​

kurt wallander....

Miren Gorrotxategi

​

​

zerriak hegan

Etxeberria anaiak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page