ELKARRIZKETAK
Josu
Barambones
Zubiria
Josu Barambones Zubiria :
Patricia Highsmith The Blunderer
​
​
1.-Itzultzeko orduan zer egin zaizu zail eta zer erraz?
Euskarari, nik uste, deskriptiboa den orok berebiziko arazoak sortzen dizkio. Zintzoa izatera, xehetasunekiko zorrotz izateak hamaika izerdi isurarazi dizkit. Arazoaren sorburua bikoitza izan daiteke: batetik, itzultzailearen trebeziarik eza ezkuta daiteke, eta, bestetik, euskaraz sorturiko literaturak deskripzio zehatzetarako daukan tradizio urria, itzulpenetan bestelako joerak aurki badaitezke ere.
Deskripzioen zailtasunekin lotuta, adjektiboen erabilera dago. Euskarak, ingelesarekin alderatuta, oso adjetibo gutxi dauka, eta sarritan ez da batere erraza adjetibo egokiarekin asmatzea. Gainera, zenbaitetan, interpretazio bat baino gehiago onartzen dute, eta hautatu beharra dago, zirt edo zart, itzultzaileak testuingurua aintzat harturik egiten duen irakurketaren arabera.
Zorionez, liburu honetan narrazioa eta elkarrizketak gailentzen zaizkie deskripzioei. Bi alderdi horietan erosoago sentitu naizela aitortu behar, deskripzioen malda pikoen ondotik arnasa berria hartzen laguntzen zidaten ordoki zelaiak bailiran.
​
2.-Patricia Highsmithek badu berezitasunen bat itzultzerakoan?
​
Esango nuke ez dela itzultzeko oso idazle zaila. Elkarrizketek pisu handia hartzen dute eta narrazioaren garapena zehazten dute.
Elkarrizketek sinesgarriak gertatu behar dute, eta egiantzekotasunaren mihisez beztitu beharra dago. Sinesgarri egiteko xede horrekin pertsonaia batzuek hika hitz egiten dute, Walter Stackhousek eta Dick Jensenek, esaterako.
Bestalde, oso estilo zuzena baliatzen duen idazlea da, eta hori dela eta nekez aurkitzen da esaldi puzturik. Estilo horren adibidea joskera dugu: mendeko perpausak ez dira bereziki zailak euskarara itzultzeko, eta narrazioaren erritmoa poliki egokitzen zaio euskararen egiturari.
​
​
3.-Nobelaren berezitasunen bat?
​
Highsmithen nobela askotan bezala, bi ikuspuntu erabiltzen ditu: Walterrena eta Kimmelena, arras izakera desberdinak dituzten bi protagonistenak. Ikuspuntu bikoitz horrek aldaketak eragiten ditu narrazioaren aldarte eta erritmoan.
Horrekin batera, hasieratik bertatik dakigu nor den hiltzailea; hortik aurrera, psikologia kriminalaren bilbea eratuz doa pertsonaien barne bultzadak azaleratu nahian.
Gaia dela eta, eta spoilerrik egin nahi izan gabe, nobela gehienetan erabiltzen duen gai bera erabiltzen du hemen ere. Elkar ezagutzen ez duten bi gizonek bat egiten dute lotuta dauden pertsona batengandik libratzeko. Horretarako, horietako batek krimen bikoitza (ia perfektoa) egiteko plana martxan jarriko du.
​
​
4.-Nobela beltzaren zaletasunik bai? Nondik itzulpen hau egiteko animoa?
​
Nobela beltza gustatzen zait, baina ez naiz nobela beltzen irakurle amorratu horietakoa. Nobela beltzarekiko nire lehen akorduak zinemarekin lotuta daude, eta, zehatzago, Billy Wilderrek zuzendutako Double Indemnity filmarekin (Galbidea izenburuarekin ekarri zuen nobela euskarara Xabier Olarrak). Geroago etorriko ziren Dashiel Hammetten Maltako belatza eta Raymond Chandlerren Betiko loa.
Highsmith irakurrita nengoen. Strangers on a train nobela (eta filma) lehenengoa izan zen; gero Ripley trebea eta Ripleyren jokoa euskaraz irakurtzeko parada izan nuen Asun Garikanok egin itzulpenei esker. Idazlea ezagutzen nuen, beraz, eta The Blunderer itzultzeko egitasmoa ezagutu nuenean, ez nuen dudarik egin.
​
aitzinekoak...
Martin eta Xabier
​
​
​
​
​
​