NOBELA POLIZIAKOA, NOBELA BELTZA
IJean Patrick Manchette, 1974ko irailaren 15ean
(Jon Alonsok itzulia)
Beharbada, nobela poliziakoa definitu liteke –edo mugatu, behintzat–, Gaizkiari eskaintzen zaion literaturaren adar bat bezala. Alegia, ez Gaizkiari eskaintzen zaion literaturaren adar bakarra, literaturaren barruan Gaizkiari eskaintzen zaionaren adar bat baizik.
​
Hortik aurrera, nobela poliziakoa literaturgai pilo batekin lotu liteke, baina hori ez zen interesgarria izango.
​
Antzinako tragediaren, western-aren eta nobela beltzaren arteko gune komun eta interesgarria ez litzateke izango hiruek Gaizkiari buruz hitz egiten dutela; gehiago izango litzateke beste hau: heriotza baino ez dela gauza pertsonaien mugimenduak geldiarazteko. Adibidez.
​
Nobela poliziakoaren ezaugarri espezifikoa, Gaizkiari eskaintzen zaion literaturaren barruan, zera da, nobela poliziakoan Gaizkia aurkezten dela, askotan eta aski modu kaskarrean, delitu juridiko baten formaren pean, indarreko legeen haustura bat bezala.
​
Hortik aurrera, iruditzen zait gauzak hartzeko bi modu daudela, eta modu horietako bakoitzak bi genero zehazten dituela nobela poliziakoaren baitan.
​
Legea ez bada kuestionatzen, legea berez gauza erabat ona dela uste bada, ordenaren araua baita, delitua konpondu behar den desordena bat besterikez da, eta halakotzat hartu eta tratatu behar da.
​
Eta, jakina, desiragarria da desordena gehiago ez sortzea ordena berriz ezartzen denean. Beraz, barneko lan baten (intelektual baten) ikusleak izango gara. Ordena berrezartzeko ordaindu beharreko prezioari dagokionez, bikoitza da: alde batetik, kriminala zigortua izanen da; eta beste alde batetik, “ordena berrezarleak” sufritu eginen du. Gutxien-gutxienik, soldata eskas baten truke lan egin behar izanen du. Kasurik interesgarrienetan, bere ariman sufritzen du, egiaz, bere gain hartzen baititu aztertzen dituen bekatuak;SherlockHolmesek biolina jotzen du sublimatzeko, eta drogak hartzen ditu bere lana jasan ahal izateko.
​
Gauzak hartzeko bigarren modua da legea aplikatzeko baldintzak ontzat ez ematea. Horrela hartuz gero, legea erlatibizatzen da, zera historiko bat dela jotzen da; orduan beharrezkoa da Zuzenbidearen nolabaiteko filosofia egitea, eta aitortzea legea indar sozialen erlazio baten adierazpena dela, egoera historiko jakin batean. Eta orduan legea deskribatuko da, nobela poliziakoaren bidez –hemen jada nobela beltza baita–; delitua egin den unean indarrean dauden legea eta ordena sozialki eta historikoki deskribatuko dira, eta azpimarratuko dira herritarren existentzia praktikoaren eta jurisdikzioaren artean dauden alde handiak, herritarrok ordenaren zerbitzariak edo aurkariak izanik ere. Esaterako, erakutsiko da ordenaren zerbitzariak ustelak direla; eta/edo delitugileek badituztela arrazoiak delitugileak izateko. Nolabait esan, modu orokor batez, legea honela definituko da: “manta txikiegi bat, hiruk lo egiten duten bi lagunentzako ohe baten gainean”.
​
Orduan nobela sozialaren eremuan gaude, zeina ez baita nahitaez ezkerrekoa, baina “beltza” deitzen ahal dena gizartea zitalkeriaz beteta dagoela, legea immorala dela eta delitugileek arrazoiak dituztela legeari aurre egiteko kontsideratzen duen neurrian.
aitzinekoak...
arnaldur eta erlendur
uzta gorria: dashiell
hammett
​
ripley trebea
​
imabelleren amodioz
​
ez adiorik
​
kurt wallander....
​
zerriak hegan
​
poesiaren kriminalak