top of page

LIBURU AIPAMENAK ETA ERREFERENTZIAK

EMAKUMEZKO HEROI ETA GORRI BATEN HERIOTZA

Qiu Xialong

 ( Death of a red Heroine, Muerte de una heroina roja, Almuzara Argitaletxea , 2006

​

​

    Jakin-minez hartu nuen ia 500 orriko adreilu hau 2019ko udan. Nobela beltza idazten duen txinatar bat! Nolakoa izanen da nobela beltza Txinan? Nire jakin-mina areagotzeko, AEBren eta Txinaren arteko tirabira komertzialak gertatzen ari ziren (oraingoz "tirabirak", oraingoz "komertzialak", ikusiko dugu noiz arte) nobela hartu nuenean, eta gogoz ekin nion.

 

    Jakin behar den lehen gauza da Qiu Xialong Estatu Batuetan bizi dela 1988tik, eta unibertsitate irakaslea dela han. Antza denez, iraultza kulturalaren garaian erregimenak gogor zigortu zituen bere gurasoak. Adi datuari.

 

    Beste alde batetik, aitortu behar dut Txina ez zaidala sekula ezeren eredu iruditu; ez dut inoiz hara joateko gogo berezirik eduki, gutxiago han bizitzeko. Are, ziur naiz Txinan bizi izatera, handik ihes egiteko gogoa izanen zela nire nahi handiena. ORTko maniobrero espainolistek noraino daukaten nire Txinafobiaren errua, ez dago jakiterik.

​

     Bon, sarrera hau esateko nire Txinafobia ez dela ezer Xialongenarekin konparaturik. Hainbeste ze ni neu ere hasi naiz gauza positiboak ikusten Txinako erregimen komunistan: oso autoritarioak dira, bai, baina zoaz eta emaiezu jaten 1500 milioi txinori, egin duten bezala, ordura arte (kapitalismoan) gosez hiltzen ziren-eta; Tianammenen ehunka edo milaka batzuk hil zituzten, egia da. Baina hango populazioaren tamaina kontuan hartuta, proportzioan, hori hemen bi edo hiru manifestari hiltzea bezalakoa litzateke. Gasteizko martxoaren sarraskiaren pare, esaterako. Eta konparatzen hasita, AEBetan edozein asteartetan garbitzen dizkizu morroi batek 40 kristau supermerkatu batean, tiroz.

 

    Zeren niri behintzat, horixe gertatzen zait beren fobiak oso argi agertzen duen jendearekin: kontrako efektua eragiten didatela, eta nire soziedadeari begira jartzen naizela, kritikatzen dutenari baino areago, eta funtsean, ez dudala hainbesteko diferentziarik ikusten, aberastasun-mailan ez bada (hor bai, jakina; eta aberastasun hori nola lortu den, luze mintza liteke). Txinan ezin dela administrazioan karrera egin partidukoa ez bazara? Eta Estatu honetan? A, bai, jakina, hemen funtsean gauza bera diren bi-hiru partiduren arteko aukera daukazu. Hor diferentzia. Txinan, ustez eredugarriak diren emakumeak bertako boteretsuen jostailu sexualak direla? Eta hemen, orain arte behintzat, ez, ala? Justu liburuaren hirurehungarren orriaren bueltan nenbilen egunean, egunkarian irakurri nuen Epstein, edo dena delako hura, boteretsu biziosoei haurrak eskaintzeko kate bat montatu zuena, bere ziegan agertu zela hilik, New Yorken.

​

    Nobelaz, zer esan. Berrogeita hamargarren orrirako-edo irakurleak susmatzen du nora doan intriga guztia, eta falta dituen 450 orriak horren konfirmazio aski aspergarria baino ez da, proberbio askorekin eta sukaldaritza txinarraren goraipamen bat edo bestearekin. Hau bezalako nobelekin gertatu ohi da idazleak 1000 orriko original bat aurkeztu duela eta editoreak erdia kenarazi diola; ez dakit kasua den, baina ez ninduke batere harrituko.

 

    Iritsi zatekeen Qiu Xialong irakurle mendebaldetarraren eremura Estatu Batuetan biziko ez balitz eta Txinako erregimen komunistaz zerbait ona esan izan balu? Txina eta AEBak gerra komertzialean ez baleude? Zalantza handiak dauzkat.

 

    Bitartean, beste gauza bat ere ikasi dut: munduan jaiotzen diren hiru umetatik bi txinatarrak direla, Txinan izan ezik. Han hirurak dira.

​

​

Bizarbeltz pirata

 

 

aitzinekoak...

INTERROGATORIOS

DASHIELL HAMMET

​

​

Jean Patrick Manchette

​

Le Carréren

Nobelagintzaz

​

Itzal bat gauean

Dashiell Hammet

​

​

¿Hay arboles en Guernica ?

Antonio de Blas

​

Zaldi beltzak zeruan

Txomin Peillen

​

The eye of the beholder

Marc Behm

​

Laidlaw

William McIlvanney

​

​

Argazki

beltzak

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

bottom of page