top of page

ELKARRIZKETAK

Miren

Gorrotxategi

mirenGorrotxa.jpg

aitzinekoak...

Miren Gorrotxategi :

Sotoan gordeak

​

Zein izan da liburua idazterakoan buruan izan duzun irakurlea? zer  pentsaketa sortuarazi nahi izan dizkiozu irakurleari?

 

Nobela beltza den arren, ez dut buruan soilik izan nobela beltza gustuko duen irakurlea. Azken batean, nobela beltzak kontatu nahi nituen horiek kontatzeko markoa eman dit: gordetzen ditugun sekretuak, ondokoei erakusten edota ezkutatzen dizkiegun gure alderdiak… Horren hausnarketa bat egin nahi izan dut. Ondokoen sekretu guztiak ezagutu nahi ditugu benetan, ilunenak barne? Ala erosoago bizi gara ezjakintasunean? Maite ditugunak egia gordinetik babestu behar ditugu, ala guzti-guztia jakiteko eskubidea dute? Hari horietatik tiraka osatu dut eleberria.

 

Zenbaterainoko garrantzia izan du zuregan Joana Vasconcelosen obrak, bereziki Vianako bihotzaren lanak? Nolabaiteko lotura sortu nahi izan duzu obra eta liburuko pertsonaien lepokoen artean?

​

Aspaldian buruan nerabilkien mahastietan eta upategi baten inguruan kokatutako nobela beltz bat idazteko ideia. Udako aste batzuk Errioxan pasatzen ditut urtero, eta mahastietako lasaitasun horrek tentsiozko lasaitasun bat ere ezkuta zezakeela irudikatzen nuen. Dena den, ideia lauso bat baino ez zen; nobelaren suzia piztu zuena Joana Vasconcelosen Guggenheimeko erakusketa izan zen. Guztiz harrapatu ninduen Vasconcelosek sortutako unibertso femeninoak: bere sorterria eta hango artisau-lana oinarri hartuta, instalazio koloretsu eta bitxiak sortzen ditu egunerokotasuneko tresnak erabiliz, betiere kritika soziala eginez. Funtsean, bere lanean ezer ez da ematen duena, eta luxuaren, estrabagantziaren eta azaleko edertasun horren oinarrian egunerokotasun arrunta dago. Bihotz independete gorria instalazioa, esaterako, maitasuna islatzen duen bitxi ederra, plastikozko mahaitresnez osatuta dago. Viana do Casteloko bihotz tradizionalak, ezinbestean, Nafarroako Viana ekarri zidan gogora, eta konturatzerako, aukeratua nuen mahastietan kokatu nahi nuen nobela beltzaren agertokia. Kolorez beteta hasiko zen nobela beltza eta, artean ez nekien arren, Portugalgo kulturak presentzia handia izango zuen bertan.

 

Dokumentazio lan handiko liburua izan da?

 

Nobela bat idazteak beti eskatzen du dokumentatzea neurri batean. Kasu honetan, hiru lerro nabarmendu dira. Batetik, Viana eta inguruak ondo ezagutzea ezinbestekoa zen, eta herrira bisitak egiteaz gain, asko irakurri dut Vianari buruz. Horrek bigarren dokumentazio-lerrora eraman ninduen: Endregotoren pertsonaiarekin topo egiteak, herriko kondairetan sakontzea eskatu zidan. Eta, azkenik, ardogintza: prozesuari buruz dokumentatzea, erabil daitezkeen klarifikatzaileak… eta gehiago ez dut kontatuko horretaz, nobelako misterioak ez argitzeko. Ardoak dastatzen ikasteko saio batean ere izan nintzen… Dokumentazio-lanaren alderdirik atseginena, dudarik gabe!

 

Nola izan da nobela beltza eta kritika soziala biak batera uztartzea?

 

Nobela beltzak berekin behar duela kritika soziala esaten da; ez dakit ezinbestekoa den, baina nik hasieratik argi nuen hala egin nahi nuela, eta nobelako ildo nagusia ez den arren, hor dago. Esan bezala, Errioxara asko joaten naiz, eta behin baino gehiagotan tokatu zaizkit mendemako langileak mahastietara eramango dituen furgonetaren zain. Migranteak dira gehienak, sarritan lo kalean egin behar izaten dute… Baina nahiago dugu horretaz guztiaz ez pentsatu kopa bat ardo eskuetan dugunean.

 

Liburuaren iluntasunean gaur egun bizi dugun egoerak eragina izan du?

 

Bai: nagusiki, idazteko prozesuan, eta horrek, noski, eragina izan du nobelaren giroan. Ez da idazketaldi samurra izan niretzat. Konfinamenduak denbora sobera eman didan arren, ez nuen idazteko behar dudan barneko lasaitasun hori. Ez diot osotasunean egoerari egotzi nahi larritasun hori, baina eragin handia izan du, zalantzarik gabe. Noraren pertsonaiaren bitartez saiatu naiz islatzen nolabait neuk bizi izan dudan antsietate hori.

 

Itzulpengintzako ikasketak egin dituzun aldetik, gogoa duzu itzulpen batekin saiatzeko?

 

Ikasketak amaitu eta pare bat urtez aritu nintzen itzulpen-enpresa batean lanean, baina gauza teknikoak eskuarki, eta inoiz ez itzulpen literariorik. Urte askoan isilik egon den arren, orain itzulpenerako grina hori esnatzen sumatzen dut berriro. Azken aldian, atzerriko nobelaren bat irakurtzen dudanean, itzultzaile-betaurrekoak jantzita ari naizela ohartzen naiz; beraz, ez da albo botera utzita daukadan posibilitatea.

Martin eta Xabier

Etxeberria

​

Koro Nabarro

          

Juan Mari Mendizabal

​

Iñaki Irasizabal

​

Patxi Larrion

​

Ernesto Prat

​

Idoia Santamaria

​

Miel A. Elustondo

​

Josu Barambones

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

Argazki

beltzak

bottom of page