ELKARRIZKETAK
Idoia
Garzes
Aldazabal
aitzinekoak...
Idoia Garzes Aldazabal :
Mendiko gaitza
​
​
Zergatik nobela beltza eta ez bertze genero bat?
Erantzuna sinplea da (harroxko samarra dirudien arren): (H)ilbeltza beka irabazi nahi nuelako. Bistan da, ez zela hala gertatu.
​
​
Liburu honetarako, aurrekariren bat eduki duzu? Inspirazio iturri modukoren bat?
Liburuaren hasiera “benetako gertakarietan oinarritua” dagoela kontuan hartuta, bestelako aurrekari formalik ez dut izan. Horrek ez du kentzen, jakina, orain arte irakurritako guztiak, bizitutakoak, amestutakoak, irudikatutakoak... inspiratu ez izana.
Protagonistetako bat mendia duzu nobelan. Mendi aunitz agertzen dira. Dokumentazio beharrik izan duzu?
Mendizalea naiz eta kuriosoa. Eta nobelan ageri diren mendi gehienak igoak ditut; ez, ordea, urrutikoak. Horietako batzuk inoiz igotzeko aukera izatea baztertu nuen, baita txikitan ere; beste batzuk,oraindik ez. Hala ere, ametsetan horiek eta hamaika gehiago igo ditut, eta, horretarako planifikazioa behar denez, dokumentatu naizela esan daiteke, bai. Nor ez da dokumentatzen gustuko duen gaiaz? Irakurtzea esaten diot nik baita horri ere, liburu bat idazteko pretentsiorik gabe, gustuko duzunaz gehiago jakiteko nahia.
​
Horrelako eleberri korapilatsua izanda,idazketa erraz izan al zaizu?
Bai eta ez. Ez dakit nola azaldu. Korapilatsua da, bai, baina ez (niretzat). Uste dut mataza askatzearen antzekoa dela, eta idaztean, suertez edo, beti lortu izan dut nahaspila askatuko duen hari solte hori atzematea. Intuizioz idazten dudala esango nuke (hori zer den ez badakit ere), baina irudiak ikusten ditudala esango nuke, ordena jakina ez dutenak, eta ez dakit nola, puzzlearen piezen antzera, haiek askorik bihurritu gabe elkarren artean ahokatzea lortzen dudala irudi horiek paperera eramaten ditudanean.
Idazteko modua erakargarria da, azkarra eta zorrotza; ironia ere erabiltzen duzu. Nahita izan da, edo nahigabe atera zaizu.
Ironia nahita erabilia da eta nahigabe ateratzen zaidala esatea gehitxo esatea izango da, akaso, baina liburuak eta pertsonaia nagusiak hala eskatzen dutelako ere bada hori. Mundu-ikuskera berezia du Arletek, era berean munduak Arlet ikusteko era berezia du; eta lehenari, bigarrenari ez bezala, berea ez den ikuskera horrek bost axola diola adierazteko modurik onena dela iruditzen zait ironia erabiltzea.
Pertsonaia nagusia berezia da. Sindrome bat du. Gaur egun erraza da horrelako protagonistak aurkitzea eleberrietan, serietan, zinean… Moda ote da, edo orain arte ezkutuan egon den jende mota bat argira ateratzeko tenorea iritsi da.
Ez dakit. Biak badirela esango nuke. Nik liburuan adierazi nahi dudana lortzeko protagonistaren berezitasuna erabilgarri suertatu zaidala ez dut ezkutatuko. Protagonista azkarra nahi nuen. Eta horrekin dena esana dagoela uste dut. Azkarra: indartsua eta autonomoa. Arlet ez da koitadu bat, horrela ere ikus baitezake gizarteak. Zuriketa berdea, morea, beltza... dagoen bezala inklusibotasunarena ere izango da... Baina nola lortu ikusgarritasuna munduaren aurrean agertu gabe? Ematen den mezuak garrantzia duela uste dut, eta horrek baldintzatzen duela pertsona hauek (eta beste guztiok) erabiltzea eta ezagutaraztea.
Protagonistak bi emakume indartsu dira; gizonezko partenaireek, berriz, txotxongilo itxura dute.
Hori nahita egina dago. Aspaldiko nobela beltz tipiko-topikoaz barre egiteko erabili dut. Bertan ematen zen (eta batzuek ematen jarraitzen duten) emakumearen irudi misogino edota paternalista hori hankaz gora jartzeko (edo puta, edota koitadu-gajoa da emakumea). Tira, pentsaera horretaz barre egiteko nobela beltz tipiko-topikoa egin dudala esango nuke, baina paperak trukatuta. Hemen, asko-usteak diren gizonak emakumeen atzaparretan dauden gizajo bi gisa aurkezten dira (hori ere misoginia ote?). Zentzugabea eta absurdoa izango da egoera hori askorentzat... Bai, seguru, baina niretzat horixe bera da askok emakumeez duten irudia (absurdoa, sinestezina eta zentzugabea).
Eleberri mendierotikotzat ere hartu daiteke?
Tira, erotismoa bizitzako parte da. Eta zenbaitzuek irakurtzeko amua ere badela ezin uka. Erotismoa irudimenarekin lotu daiteke eta fantasiarekin... Eta zer da ba literatura? Esku bakarrarekin irakurtzeko liburuak daude, birekin irakurri beharrekoak (esku batean hiztegia behar delako), atrilean ere ipin daiteke (estatikoaren pedalei eragiten diezun bitartean), pantaila elektronikoan irakur dezakezu eta, bitxia bada ere, baita entzungailuetan ere... Liburu guztiak erotikoak izan daitezkeela pentsatzea gustatzen zait. Jakina, batzuek besteek baino gehiago kitzikatzen zaituzte! Badakizue: zenbat buru... hainbat liburu.
Martin eta Xabier
​
​
​
​
​
​
​
​