ELKARRIZKETAK
Koldo
Biguri
aitzinekoak...
Koldo Biguri:
Agur, maitea, ikusi arte.
( Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao nobelaren itzultzailea. IV (H)ilbeltza bekaren irabazlea )
​
​
​
Italiako nobelagintza garaikidean, non kokatuko zenuke Massimo Carlotto bezalako autore bat?
​
Carlottok berak “noir mediterranear” delako batean kokatu du bere burua elkarrizketa askotan. Etiketa horretan, Manuel Vázquez Montalbán kataluniarraren, Jean-Claude Izzo marseillarraren, Yasmina Khadra aljeriarraren eta Petros Markaris greziarraren ondoan agertzen da askotan Carlotto. Asko ez daude ados etiketa horrekin, baina egia da autore horiek bai partekatzen dutela literaturaren funtzioari buruzko ikuspegi komun bat, literatura beltza kritika soziala –eta, beraz, politikoa– egiteko erabiltzeko joera adibidez, nobelagintza beltz enigmistikoa egiten duten beste geografia batzuetako idazle batzuekin kontrastean.
Arrivederci amore, ciao, bere nobela ezagunenetako bat da. Zer nabarmenduko zenuke nobela horretan, estiloari eta gaiari dagokienez?
Eleberri hau 2001ean argitaratu zen, eta Carlottok Italiako gizarteak aurreko bi hamarkadetan izandako erabateko aldaketa islatu eta kritikatu nahi du, protagonistatzat hartuz gizarte hori aldatu nahi izan zuen ezkerreko militante bat, “berunezko urteetako” garai historiko hartako galtzaile bat alegia, geroago bere ideal guztiak baztertu eta gizarte ustel horretan “irabazleen” aldean egon nahi duena.
Hilketa asko gertatzen dira, eta protagonista eta kontalaria bera hiltzaile bat da, bere galtzaile-garaiko ameskeriak ahaztu eta irabazleen arteko bat bihurtu nahi duena. Kontakizunaren helburua ez da misterio edo enigma bat askatzea, Italiako gizartearen oinarri gero eta ustelagoak bistaratzea baizik. Are nabariagoa da hori Carlottok 10 urte geroago idatzi zuen bigarren zatian, Alla fine di un giorno noioso izenburukoan; ondo legoke euskal irakurleek istorioaren jarraipen hau irakurri ahal izango balute, Carlottoren analisi sozial eta politikoa hobeto ulertu ahal izateko, bai eta gure inguruetara begiratu eta ikusteko ere gure errealitatea ere badela idazle honek lan hauetan disekzionatzen duenaren oso antzekoa.
Carlotto egin ez zuen krimen batengatik kartzela eta atzerria ezagutu duen idazlea da. Noraino dago gai hori presente bere obran?
Bere gaztaroa lapurtu eta bizitzako 20 urte hondatu zizkion injustizia bat pairatu zuen Carlottok, gezurretan oinarritutako injustizia bat. Horregatik, injustiziaren kontrako jarrera militantea du, baina, batez ere, egia bilatzeko egarria duten pertsonaiak erabiltzen ditu horretarako, haiek ere injustiziak pairatutakoak, letra larrizko Justiziatik ihesi ateratakoak edo sistema judizialaren injustizia nozitutakoak. Alligatore delako pertsonaiaren liburu sorta da horren erakuslerik nabariena.
​
Beste eleberri batzuetan, berriz, Agur maitea, ikusi arte euskaratu berrian adibidez, bere belaunaldiko beste idealista batzuek izandako bilakaera ustela ere kritikatu nahi izan du, haietako askok ere injustiziaz zikinduta dituztelako eskuak, garai bateko idealak bertan behera utzi, borrokakide asko saldu eta sistema usteldu batean bertan goxo izan arteko onik ez dutelako izan.
Nobela beltza, gaur, oraindik al da boterearen injustiziak salatzeko bidea?
Carlottok 20 urte baino gehiago daramatza era guztietako injustiziak salatzen bere literaturarekin, bere ustez literaturak baino ez duelako gaur egun egiten injustizien kontrako salaketa, kazetaritzak aspaldi utzi baitio egiteko horri, boteredunen esku geratu ondoren. Idazle padovarraren ustez, gaur egun, ekonomiaren alorreko sektore indartsuenen eta delinkuentziaren arteko muga-hesirik ez dago: mundu mailan, delinkuentziak ikaragarrizko botere ekonomikoa eskuratu du eta ekonomiaren sektore guztietan infiltratu da: gaizkileek botere ekonomikoa erdiesti dute, eta botere ekonomikoan daudenek ere delituak egiten dituzte boterean jarraitzeko, abokatu-armada bat dutelako beti onik ateratzeko eta, gaur egun askotan ikusten dugunez, botere judiziala beren patrikan dutelako.
Horren eraginez, boteredunen eta boteregabeen, aberats eta pobreen, galtzaile eta irabazleen arteko arrakala gero eta handiagoa da eta gizartearen bizikidetza-sustraiak erabat usteldu ditu. Gainera, gaizkiletza boteretsuaren eta botere gaizkilearen arteko nahas hori aspaldi konturatu da krimenaz baliatzeko beharrik ez duela loratzen jarraitzeko, aski duela gizarteko sektore eta zentro neuralgikoak kontrolatzea gero eta diru eta botere gehiago pilatzen joateko. Carlottoren ustez, errealitate latz hori islatu eta salatu behar du literaturak, eta, bereziki, nobela beltzak, funtzio sozialik bat ere gabeko literatura bihurtu nahi ez badu.
Italiarren nobelagintzak usu eduki du italieraren bariante dialektalak kontuan hartzeko eta azpimarratzeko ohitura. Carlottoren kasuan ere hala da? Horrek zailtasun berezirik ekarri dizu itzulpena egiteko? Zer beste zailtasun aurkitu duzu?
Nobela honetan ez dago Italiako dialektoen arrastorik, aipamen solteren bat besterik ez, akotazio moduan. Oro har, Carlottok italiera estandarra erabiltzen du bere literaturgintzan. Alde horretatik, inolako arazorik ez dut izan itzulpena egiteko.
Beste kontu bat da gaizkiletzaren mundu horri lotutako hainbat kontu, bai eta sexuari buruz hitz egiteko erabiltzen den jargoi edo, hemengo hiztegigile batzuek esango luketen terminoa erabiliz, “lagunarteko hizkera”. Hor, zoritxarrez, euskaraz badugu defizit nabarmenik, ez bakarrik erreferente zuzen askorik ez dugulako euskararen corpusean, baina, batez ere, fikzio-defizit handia dugulako euskaraz. Ikus-entzutezko eta idatzizko fizkioa ezinbestekoa da gure hizkuntzaren mugak zabaltzeko, euskaldunon espresibitate-ahalmena handitzeko; eta euskal literatura beltzak oraindik pauso laburrak eman ditu, ez da gaztelaniaz, frantsesez edo italieraz bezala garatu (eta ez dezagun ahaztu literatura beltza dela gaur egun gehien irakurtzen den generoa, bai behintzat Espainian, Frantzian, Italian eta beste leku askotan).
Gauzak gehiago okertzeko, azken bi hamarkadotan, ikus-entzutezko fikzioan euskaraz geneukan apurra ia erabat alferrik galdu dute horren aldeko zerbait egiteko modua zuten etxekalteek, eta ondorioz publiko euskaldunarentzat ere oso murriztuta gelditu da euskara bera ere. Itzulpen honetan, sinesgarria eta egiantzekoa den fikzio-euskara bat egiten ahalegindu naiz, euskal literatura beltzaren iturri apurretatik edanez. Ildo honetatik, goraipatu eta laudatu baino ezin dut egin (H)ilbeltza ekimena, euskararentzat eta euskaldunentzat behar-beharrezkoa baita fikzioa, esparru, genero eta lengoaia guztietan.
Martin eta Xabier
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​