top of page

ELKARRIZKETAK

Eneko Barberena

aitzinekoak...

en.jpg

Eneko Barberena

Suak erreko ez balu.

 ( V (H)ilbeltza bekaren irabazlea )

​

​

​

Irabazten duzun bigarren beka da hau. Kasu honetan aurkezteko idatzi zenuen proiektua, edo ideia zenuelakoz aurkeztu zinen bekara?

​

Ideia, nobelaren sintesia dena, urteak dira bueltaka dudana, baina bizitza gailendu zaio beti asmo horri. Beka ikusi nuenean iruditu zitzaidan aukera ona izan zitekeela ideia horri forma ematen saiatzeko. Izan ere, Chirbesi irakurri diodan Kafkaren aipuak dioen bezala, burutik idazlumara den tartea luzea da eta beka akuilu aparta izan da bide horri ekiteko.

 

Ipuinak, poesia, eta nobela jorratu dituzu orain artio. Zergatik orain beltza?

​

Batez ere aurreko galderan aipatu dizuedan ideiak, edota tramak, halako jantzi beltz bat eskatzen zuelako. Gerora pentsatu dut akaso badela bigarren arrazoi bat ere: ostera ere beltzera bueltatzea zaletu gisa. Nerabetan detektibe nobela, orduan hala esaten zitzaiela uste dut, dezente irakurri nuen; besteak beste, ama genero horren zalea delako eta etxea liburuz betea genuelako. Ordutik, ordea, beste irakurgai batzuk lehenetsi ditut, akaso Camilleriren salbuespenarekin, eta banuen horrenbeste gozamen eman didan belztasunera bueltatzeko gogoa. Baina hortaz orain jabetu naiz, ez proiektuaren hasieran, atzera ere liburuak irakurri eta zinema ikustean.

 

Ikertzailea aseguru etxeko peritua hautatu duzu, hori berria da. Badu beltzetik: egiaren bila doa edo berari komeni zaion egia?

 

Ez dut detektiberik ezagutzen eta egia esan zaila egingo litzaidake Euskal Herri garaikidean halako bat era sinesgarrian irudikatzea. Zoritxarrez, istripu edota beste kontu batzuk tarteko, aseguru etxeen bueltako perituak ezagutu ditut eta nahiko argi eduki dut ikertzaile aproposa izango litzatekeela halako bat nire lanean.

 

Galdera ona planteatu didazue, Ainhoaren, protagonistaren, gatazketako baten muinera doana: nola defendatzen du bere independentzia peritu batek? Lanaren hastapenetan peritu bat elkarrizketatzeko zortea izan nuen eta hark esan zidan perituak eurak independeteak direla, ez daude inoren nominan, eta suertatu ohi direla balorazioak maiz aseguru etxeen atseginekoak ez direnak. Kontrara, esango nuke, kontratatzaileen ia ehuneko ehuna aseguru etxeak izanda zaila izan behar da independentzia horri eustea. Nik uste dut Ainhoak bizitzan eta bere arlo profesionalean egia lehenesten duela, horretan konbikzio sendoak ditu, eta hor hasten zaizkiola askotariko autoritateekin dituen arazoak eta istiluak.

  

Aezkoan kokatu duzu trama. Erosoagoa izanen zaizu seguraski, baina bada aldarrikapenetik?

 

Ez nuke esango aldarrikapenik duenik horrek. Esan dizuedan bezala hasieratik ideia banuen, ondoren aktore batzuk irudikatzea zen lana eta bukaeran nahi nuen horrentzat guztiarentzat antzoki egokia; sakontasun nahikoa zuena, espazio ezkutu ugarikoa eta soto nahiz palkoduna. Horrek eskatzen du tokia apur bat ezagutzea, Raymond Chandlerrek Kalifornia edota Vazquez Montalbanek Bartzelona ezagutzen duen moduan. Ni ez nahi horra ailegatzen Aezkoarekin, badut orain zer ikasi franko, baina nire ezjakintasun guztiarekin gehien ezagutzen dudan landa eremua Aezkoa da. Azken hau oso argi nuen, koka bait nezakeen Aretxabaletan edo Arrasaten bertan, egon baitago subsidiarioa eta hondarrekoa den lehen sektoreko jardura: nik kokatu nahi nuen nobela landa eremu batean eta uste dut, lehen sektoreak dituen arazo mordoa aintzat hartuta ere, ekonomikoki nahiz kulturalki hala dela Aezkoa.

 

Suak erreko ez balu, titulu iradokitzailea, hasmentan zenuenetik arras desberdin. Nola hautatzen da nobela baten titulua?

 

Ez dakit egia esan. Lehen banuen truko bat tituluetarako, zela Ruper Ordorikaren kanta zatiak erabiltzea, baina agortu zitzaidan iturri hori. Esango nuke gutxienez bost bat izenburu eduki dituela nobelak eta azkenean etorri zitzaidan hau ni, zirriborora irakurri duten lagun apurrak eta editorea konbentzitu dituena.

Izenburua aukeratzeko orduan, hori bai, editorearekin batera egin dut lan. Garrantzitsua deritzot horri. Hark aholkatu zidan zirriborroko aurreneko titulua aldatzea eta esan beharra dut asmatu zuela.

 

Beltza da gaua Euskal Herriko oihanean dio liburuaren sinopsiak.  Eguna ez?

 

Bai, jakina, eguzkia dagoen leku orok baitu itzala. Sinopsian adierazi nahi nuena zen ziur asko Euskal Herrian, itsasoa eta Bardeak kenduta, argi artifizial gutxien egongo den lekuetako bat dela Iratiko Oihana.

Halaber, eta bistan da, krimenik handienak egun argiz egiten dira: esate baterako, ez dut uste inoiz inork izenpetu duenik etxegabetze bat gauez.

Martin eta Xabier

Etxeberria

​

Koro Nabarro

          

Juan Mari Mendizabal

​

Iñaki Irasizabal

​

Patxi Larrion

​

Ernesto Prat

​

Idoia Santamaria

​

Miel A. Elustondo

​

Josu Barambones

 

Miren Gorrotxategi

​

Amaia Apalauza

​

Idoia Garzes

​

Koldo Biguri

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

Argazki

beltzak

bottom of page