top of page

ELKARRIZKETAK

Jon

Alonso

aitzinekoak...

jon.JPG

Jon Alonso

Amaiur bat urtero

 ( auzolan aldizkaritik hartua)

​

​

​

​Anitz ikerketa egin dira Amaiurko setioaren inguruan. Literaturak utzi du printzaren bat. Komikiak ere argitara eman dira. Oraingo honetan, Jon Alonsok nobela beltz bat eskaini digu duela bost mende gertatukoaren abaroan. Historia eta zinema uztartu ditu Amaiur bat urtero eleberriak. Baztango bazterrak belztu ditu Txantreako bizilagunak.

 

1- Nola bururatu zitzaizun gisa honetako nobela bat idaztea, tira, bururatu baino, enkargua bat izan zela aditu dugu?

 

Amaiurko Gaztelu Elkarteak egindako enkargu bat izan zen, 2022. urtean 500 urte bete zirelako Amaiurko gazteluaren setioa eta hartzea gertatu zenetik. Elkarteak, Aranzadi Fundazioarekin batera, hainbat sormen-lan enkargatu eta hainbat ekitaldi antolatu zituzten. Baztanen (H)ilbeltza astea antolatzen dutenei esan, haiek niri, eta horrela sortu zen proiektua.

 

2-Pasa den abenduan, Amaiurko aurkezpenean  gogora ekarri zenuen Gazteluaren izate bera zalantzan jarri zutela bertakoek?  Honek zer pentsa ematen du, ezta?

 

Gogoratzen naiz ETBn eman zutela programa bat Amaiurko gazteluari eskainia. Programa “Itxi liburuak” zen, Gaizka Arangurenek zuzentzen/aurkezten zuena. Bertan Isabel Alemanek, hango alkateak eta elkarteko kideak, esaten zuen haiek umetan beti entzun zutela muino hartan gaztelu bat izan zela; baina ez zutenez sekula ikusi, irits zela eguna gazteluaren kontu hura egiazkoa ote zen edo legenda bat zalantzan jarri zutena. Orduan hasi ziren indusketak egiten eta hor agertu ziren gazteluaren hondarrak… Nik uste dut askotan gertatzen zaigula horrelakorik. Irabazleen historiaren errelatoarekin bat ez datorren, edo irabazleei komeni edo interesatzen ez zaien errealitate bat gogorarazi nahi duzunean, dena da zailagoa, zure sinesgarritasuna jokoan jartzeraino. Horregatik garrantzizkoa da froga materialak ikusaraztea, eta menderatuen esanari kasu egitea.

 

3- Historialari ez bazara ere, dokumentazio lan eskerga egin duzu. Zure nobela beltz hau ez da literatura historikoa, alta bada, istorio honetan zer esan handia du historiak. Duela bost mende gertaturikoak zer nolako interesa du gaur egunean?

 

Eskerga, eskerga… Dokumentatu naiz, noski, baina gertaera lehendik ere ezagutzen nuen. Bestalde, historialariek asko eta ongi idatzi dute Amaiurko gertaerari buruz, batez ere han aurkitu zituzten gutunei esker, eta Amaiurko gertaera gainetik ezagutzen duenak zer ikasi eta zer sakondu badu. Historiak ondorio politiko itzelak eduki zituen ekintza militar baten berri ematen du; horri esker dakigu Nafarroakoa konkista militar gordina izan zela. Ez da hainbeste denbora historia ofizialak hori ukatu egiten zuela, “Unión equoprincipal”, eta horrelako gezur interesatuak zabalduz. Amaiurren itxi zirenen tema eta gazteluaren arrastoak argira atera dituzten lanak gutxienez horretarako balio izan du: gaur egun denokberretsi dezagun egia, Gaztelak armaz menderatu zuela Nafarroa.

 

4- Inkesta gisako bat egin dugu Amaiur bat urtero irakurri dutenen artean eta bat baino gehiagok Leon Urkiagari hitza eman ez izana aipatu dute, erran nahi baita, nobelak zazpi kapitulu ditu, zazpi ahots, zazpi bertsio gertatutakoaren inguruan, eta juxtu gertaeretan paper garrantzizko bat duen bati ez diozu ahotsik eman.

 

Bai, egia da. Nobelan zehar ere askotan gaztigatzen da: ez da komeni dena jakin nahi izatea. Baina horretaz kexatu direnek ez omen dute gaztigu hori aintzat hartu, bistan denez. Pertsonaia horri ahots emanez gero nekez amaituko nuke nobela esandako epean, adostutako luzeraren barnean eta eman nahi nion tonuan. Beste modu batera esanda: auskalo nora joango zitzaidan. Ofizioaren gauzak… Bestalde, ematen du badagoela irakurle-mota bat frustraziorik, txikiena izanik ere, onartzen ez duena. Idazleak, bere liburuan, nahi dionari ahotsa eman eta kentzeko eskumena eta eskubidea dauka, eta irakurleak onartu beharra dauka eskubide hori. Irakurleak beste eskumen eta eskubide batzuk ditu: liburua ixtekoa eta beste bat hartzekoa, esaterako, eta hori ere onartu behar du idazleak.

 

5- Beltzaren koloreak liburua argitara eman zenuen duela sei bat urte, sobera beltzak ez diren koloreak ugaritu al dira nobela beltza zigilupean?

 

Nik beste modu batera esango nuke: sekula oso-oso garbi egon ez bada ere, gero eta zailagoa da zertaz ari garen jakitea “nobela beltza” aipatzen dugunean. Etiketa kasik edozertarako tokia duen zaku gero eta handiagoa da. Segurutik etiketa komertzialki erakargarria delako gertatzen da hori. Mundu guztiak eskubidea dauka esateko bere nobela beltza dela, noski; baina beharbada garaia iritsi da idazle bakoitza datu batzuk ematen has dadin:generoaz zer dakien, zer irakurri duen, nola enfokatzen duen, nola ulertzen duen, zer interesekin. Bestela, orain dagoen nahasketa irauten edo zabalagotzen bada, laster aurkako fenomenoa gertatzen hasiko da, eta hainbat idazle esaten hasiko dira, agian: aizue, nire nobela ez da beltza! Dena den, bitxia da ikustea nola gero eta idazle gehiagok babesa bilatzen duten garai batean mespretxuz ikusia zen azpigenero baten hegal azpian.

 

6- Amaiur bat urtero pantailara eramateko moduko istorioa dela entzun diogu adituren bati. Nobelan bertan Baztango filmazio estudioa ageri da.  Gertagarria  ikusten al duzu balizko filmazioa? 

 

Teknikoki bai, noski. Baina etorriko al da inor holako proiektu bat martxan jartzeko behar den diru-parrastada jartzera? Horren zain dagoenak, horrek bai etorkizun beltza.

 

7- Ozpinki pertsonaia, inoren alter ego al da? Ba al da alter "ero"ren bat?

 

Ozpinki ez da hori bakarrik, baina baditu autokarikatura baten zertzelada batzuk, ez dut ukatuko. Inork ez dezala esan ironia beti besteren kontura erabiltzen dela.

 

8- 1995ean Katebegi galdua argitaratu zenuen, nobela honek neurri baten zirkulua ixten al du? Hau da, zenbaitzuen aburuz, duela bost mende jazotakoak gure oraina eta etorkizuna baldintzatzen dituztela agerian utzi zenuen orduko hartan eta oraingo honetan.

 

Nik ere uste dut duela 500 urte jazotakoak zerikusia duela gaur gertatzen denarekin, eta ez naiz bakarra, ez horixe. Zirkulu ixtea, ez dut uste, beti egon daitekeelako gaiaren gainera itzultzea, eta beste buelta bat ematea.

 

Martin eta Xabier

Etxeberria

​

Koro Nabarro

          

Juan Mari Mendizabal

​

Iñaki Irasizabal

​

Patxi Larrion

​

Ernesto Prat

​

Idoia Santamaria

​

Miel A. Elustondo

​

Josu Barambones

 

Miren Gorrotxategi

​

Amaia Apalauza

​

Idoia Garzes

​

Koldo Biguri

​

Eneko Barberena

  • Facebook - Black Circle
  • Twitter - Black Circle

Egilea : (h)ilbeltza

ilbeltzabaztanen@gmail.com

Baztan, 2015ko udazkena

Argazki

beltzak

bottom of page