ELKARRIZKETAK
Beñat
Irastorza
aitzinekoak...
Beñat Irastorza
Altxa, hildakoak
VI. (H)ilbeltza beka
Fred Vargas idazlearen
Debout les morts liburuaren itzulpena
​
​
​
Beñat Irastorza itzultzaile ordiziarra izan da Fred Vargas idazle frantziarraren Debout les morts nobela itzultzeko (H)ilbeltza beka irabazi duen pertsona. Harengana hurbildu gara iritzi eske.
Hitz egiguzu hiru ebanjelariei buruz. Nortzuk dira? Fred Vargasen zer liburutan agertzen dira?
“Ebanjelariak” hiru historialari gazte dira, nor bere aroan aditua eta zein baino zein xelebreagoa, beharrak eraginda etxebizitza berean finkatu berri direnak. Ikergai dituzten garaien parekoa dute izaera, eta elkarren arteko aldeak gainditu beharko dituzte, etxepe berean lasai biziko badira.
Nobela honetan estima handitan zuten bizilagun baten desagerpena ikertuko dute, “ebanjelari” gisa bataiatu dituen polizia ohiak lagunduta. Euren izaeren kontrakotasuna abantaila bilakatuko da orduan, nork bere indargunea baliatu beharko baitu auzokidearen desagerpena argitzeko.
Liburu honetaz gain, beste bi liburutan ageri dira pertsonaia nagusi gisa: Un peu plus loin sur la droite (1996, Éditions Viviane Hamy) eta Sans feu ni lieu (1997, Éditions Viviane Hamy). Gainera, pertsonaia sekundario gisa ere agertzen dira Vargasen beste zenbait lanetan, Jean-Baptiste Adambserg komisarioaren sailean, bereziki (hau da, egun, Vargasen bildumarik ezagunena).
Nobela beltzen idazlea den aldetik, zein dira Fred Vargasen ezaugarri nagusiak? Zein dira bere bereizgarriak?
Bi ezaugarri nabarmenduko nituzke Vargasen bereizgarriei dagokienez. Hasteko, historiari eta kondairei ematen dien pisua. Vargasen istorioak gaur egunean kokatzen badira ere, intriga sarritan elezahar edo gertaera historiko ilun batean oinarritzen du, eta ikerketa sineskeriekin eta naturaz gaindiko fenomenoekin nahastu ohi da maiz (Altxa, hildakoak, justuki, salbuespenetako bat dugu).
Bigarren, aipagarria da Vargasek pertsonaien eraikuntzari jartzen dion arreta. Pertsonaiok bitxiak dira oro har, izaera nabarrekoak, karikatureskoak batzutean, baina enpatiaz eta samurtasunez idatziak den-denak. Sarri asko, ikerketa nagusiari adina garrantzi eman ohi die pertsonaien arkuei, nagusienei zein gainerakoenei, eta intriga bezain gogoangarriak gertatu ohi dira maiz.
Horren ildotik, pertsonaien tentuz landutako hizkera nabarmenduko nuke bereziki, zeinak ahozkotasun partikular bat baituen, azkarra eta umorez betea. Bereizgarri horrek eragin nabaria du testuaren bizitasunean, eta arretaz gordetzen ahalegindu naiz lana itzultzean.
Parisen bizi zara edo bizi izan zara, hortaz Frantziako kultura ongi ezagutzen duzu. Zer toki betetzen du Vargasek Frantziako literaturan?
Idazle entzutetsua da Vargas, nobela beltzen idazleen artean bereziki, eta urtez urte hala erakusten dute bere eleberrien salmentek eta jasotako sari kopuruak (nola Frantzian, hala nazioartean). Literaturaz gain, bestelako lanak ere argitaratu ditu gainera; klima aldaketaren arriskuaz ohartarazten duten bi liburu, esaterako.
Nobela beltzari dagokionez, Vargasek Adamsberg komisarioaren bildumako eleberri bat argitaratu berri du aurten (Sur la Dalle, 2023, Flammarion). Sei urte zeramatzan nobelarik kaleratu gabe, eta gertaera literario sonatua izan da: standak liburu dendetan, afixak metroan… horietako bi nire geltokian!
Arazo berezirik aurkitu duzu liburua euskaratzean? Zer moduzko esperientzia izan da Fred Vargas itzultzea?
Jakina, izan da zailtasunik. Pasarte batzuetan estilo dotore eta hanpatu bat darabil idazleak, noizbehinka baita pertsonaien ahotan ere, erdi komikoki, erdi benetan. Frantsesez halako esaldiak eraikitzea errazagoa dela iruditzen zait, edo hizkuntzak halako formula eta adibide gehiago dituela behintzat. Euskarara ekartzean, ordea, zaila gertatu zait zenbaitetan estilo hori modu naturalean itzultzea. Menpeko esaldi ugaridun pasarteak izan dira, gainera.
Kontuak kontu, prozesu atsegina izan da oso. Intriga handiko istorioa izanagatik ere, testua umorez josia dago, eta gustura ibili naiz hitz joko eta ateraldi umoretsu bakoitzari bere itzulpen egokia bilatzen, apurka-apurka pertsonaiak euskaraz nola arituko liratekeen igarriz. Gainera, berrirakurketek testuaren erreferentzia ugariei erreparatzeko aukera eman didate eta, ondorioz, testua sakonago gozatzeko aukera izan dut.
Horren ildotik, (H)ilbeltza egitasmoari eta gainerako antolatzaileei eskerrak eman nahi nizkieke; euskarazko nobela beltzaren alde egiten duten lanagatik, jakina, baina baita itzulpen hau burutzeko eskainitako aukeragatik ere.
Martin eta Xabier
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​